Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

148

Arnasguneak babesteko garaia da

Karmele Aierbe | 2013-01-23 | 11:40:29

Arnas gunea, kalera irten eta trabarik gabe, aurrekoa erdalduna edo euskalduna izango den zalantza izan gabe, euskaraz egiteko aukera ematen digun gunea da. Nik behar dudana. Euskarak behar duena. Euskaldunok fisikoki eta psikologikoki behar duguna. Euskaldunok euskara nagusi den gunearen beharrizana dugu. Euskararen arnas guneak behar ditugu.


Euskaraz aritzerakoan inork ere arraro begiratuko ez duen toki bat behar dugu, non euskaraz jarduteak ez duen gatazkarik sortuko. Euskara naturalki hedatuko duen komunitatea. Euskaratik eta euskaraz biziko den jendartea. Arnas guneetan jokatzen baita euskararen geroa. Arnas guneen hedatzea ala atzerakada giltzarri izango da euskara bizi-bizi mantendu ala museoko hizkuntza bilakatzeko hautuan.


Euskarak aurrera egin du azken hamarkadetan. Baina hemen, txanponaren ifrentzua- estrategikoak diren atzera pausuak ere eman ditu. Emanarazi dizkiogu. Izan ere, urtetik urtera murriztuz doa arnas gunetzat jo daitezkeen udalerri euskaldunen kopurua. Erdaldundutako udalerrietan euskararen ezagutza, ozta-ozta gora doa … eta udalerri euskaldunak erdalduntzen! Zerbait gaizki doa, azken hauetan baitugu jokoan euskararen etorkizuna.


Arnas guneen estrategikotasunean zalantzarik ez, azken urteotako hausnarketa eta kaleratu diren txosten guztietan (EBPN, Euskara 21, ESEP…) mahai gaineratu den auzia izan da. Baina zerbaitek huts egiten du. Hizkuntza-politikaren zutabeetako batek huts egiten digu. Izan ere, hizkuntza-politika egoki batek lau zutabe behar ditu. Eta laurak dira beharrezkoak. Herritarren sostengua behar du (badugu arnas guneetako herritarrena), baliabideak behar ditu (baditugu baliabide pertsonal, administratibo zein ekonomikoak), plangintza behar du (UEMAk egindako aitzindariak diren plangintzak ditugu)… baina laugarren zutabea den corpus juridikoak huts egiten du. Arnas guneentzako lege babesa falta dugu. Arnas guneen izaera soziolinguistikoa babestuko duen legea. Komunitateko kideen arteko harreman euskalduna bermatuko duena.


Herritarren sostengua badugu. Baita baliabideak eta plangintzak. Ekin diezaiogun marko juridikoa aldatzeari. Bada garaia!