Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

147

EREIAROTIK EREIGUNERA (I)

Iker Salaberria Urkizu | 2013-01-21 | 15:09:43

Webgune hau euskalgintzaz aritzeko gunea izanagatik, hasi gaitezen distantzia hartuta.


Egungo gizarteak izendapen desberdinak jaso dituen arren, informazioaren gizartea, ezagutzaren gizartea, gizarte likidoa, sare-gizartea... oinarrizko ezaugarri nabarmen batzuk ditu. Egungo gizartean, teknologia aurrerapenak, informazioaren joan-etorriak eta ondorioz gizarte eraldaketa, inoiz ezagutu gabeko abiada bizian gauzatzen dira. Horren ondorioz, aditu edo 'guru'ek aipatzen duten bezala, enpresa-munduan azken urteotan gaitasunen bat kritikoa bilakatu bada, hori, egokitzeko gaitasuna da. Garai bateko epe luzeko ikuspegiak eta estrategiak, gaur egun, ez dira nahikoak. Aldiz, unean uneko egoeraren aldaketak garaiz antzemateak eta horietara egokitzeko gaitasuna izateak, berebiziko garrantzia du enpresen biziraupen eta garapenean. Testuinguru horretan hartu du garrantzia, hain zuzen, azken urteotan modan dagoen berrikuntzaren gaiak. Egokitzeko gaitasunak, berrikuntza eskatzen baitu ezinbestean.


Egokitzeko gaitasuna, ordea, ez da berrikuntza kontua soilik. Bada horren aurre-urrats bat: ikasketarena, hain zuzen. Gizarte aldaketak ulertzeak, beste eragile eta enpresen bilakaerak interpretatzeak, aldaketei erantzuteko modurik egokiena zein den jakiteak... ikasketa prozesu etengabea eskatzen du. Gizarte eraldaketaren erritmoari eutsi ahal izateko, etengabeko formazioa edo ikasketa da egoera berriak antzeman eta horietara egokitzen laguntzen digun oinarrizko baliabidea.


Horiek esanda, gatozen berriro, webgune honek eskatzen duen gaira. Enpresen arloan kontuak horrela izanik, zertan da euskalgintza?


Gizarte eraldaketak hain abiadura bizia ezagutzen duen honetan, ezin ahaztu, euskararen normalizazioak eskatzen duena, hain zuzen, gizarte eraldaketa sakona, (ia) iraultzailea, eragitea dela. Ez da, ahuntzaren gau erdiko eztula, gero! Hortaz, aurrez esandako bidetik, gizarte eraldaketak behar bezala antzeman eta horietara egokitzeko, neurriko ikasketa prozesua lantzen ote du euskalgintzak? Zalantza handirik gabe, ezetz esango nuke. Hortaz, nola egin aurre egoera horri eta zer-nolako ikasketa prozesua garatu behar luke euskalgintzak? Tesi batetarako moduko galdera izan liteke ziurrenera, baina, zenbait ezaugarri edo oinarri mahai gaineratzen hasi gintezke akaso. Zein lotura behar luke izan unibertsitateekin? Zein lotura erakunde desberdinen artean? Zer nola ikasi, zientzia zehatza ez den, gizarte eraldaketa prozesuen inguruan? Uste dut gune honetako partaideek izan dezaketela iritzirik galdera horien inguruan. Nire kasuan, hurrengo ekarpen batean erantzun beharrekoak dira.