Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

145

Egidazue euskaraz, ikasten ari naiz eta!

oskar Elizburu | 2013-01-18 | 15:04:27

Aurreko astean gertatu zitzaidana harrigarri samarra izan zela aitortu beharko dut. Lagun batzuekin berbetan niharduen kalean, euskaraz, ohi bezala. Horietako baten ezagun bat inguratu zitzaigun orduan eta arratsalde on ozen batez agurtu gintuen. Baita guk bera ere eta, ondoren, aurkezpenak egin genituen.


Lagun berria duela 6 hilabete etorri zen kooperatibetara lanera, eta dagoeneko dezente ulertzen omen du euskaraz, harritzekoa! Dirudienez hasi eta berehala apuntatu zen euskara klaseetara, enpresan bertan, eta jarrera ona daukala ezingo da ba ukatu! Berak esaldi bat edo beste botatzen ditu euskaraz, momentuz: agurrak, esamolde jakin eta erabilgarri asko... Hori guztia berak kontatuko zigun gero, di-da batean; baina aurretik eman zigun zartakoa dut nik aipatzekoa! Izan ere, ohitura dugun bezala -ohitura txarra dela argi geratuko zitzaigun berehala- berarekin hitz egiten hasi ginenean gaztelaniara jo genuen, oharkabean. Ea nola moldatzen zen Euskal herrian, zelan euskaraz ulertzeko, ea nolako lana zeukan hona etortzeko... Et-et-et!- esan zigun, ozen eta serio- egin euskaraz, ikasten ari naiz eta!


Haserrea eta poza nahastu zitzaizkidan batera, eta emozionatu ere egin nintzela aitortu behar. Kanpokoak erakutsi behar bertakooi zer egin behar genukeen; gure hizkuntzaren alde zer egin dezakegun aipatzen eta aldarrikatzen. Praktikatu beharra daukala esan zigun, eta pazientzia izateko; gauzak poliki esateko, ulertzen ez duenean errepikatzeko eta bestela hirugarrenean erderaz azaltzeko. Ikasteko prisa omen; ño! Eta ni flipatuta, bertako askorekin egiten saiatu naizena, eta nekez lortu izan dudana, ezagun berri batekin egiteko aukera; gainera, berak esanda, berak aldarrikatuta. A zer nolako atsedena burmuinerako, a zelako poza! Euskaraz bizitzeko traba bat gutxiago. Saiatuko naiz, bai, euskaraz egiten berarekin!


Korrika 18ren leloak argi eta ozen adierazten digu egin beharrekoa, euskara erabiltzeko bidea zabaldu behar diogula elkarri. Lagun berri horrek atea zabaldu dit euskaraz bizitzeko eta euskaraz harekin jarduteko. Lagun batzuei begiak ere bai, erabili beharra ikusteko beste. Garrantzitsuak garela eta asko egin dezakegula ikustarazi zigun eta erabiltzea, besterik gabe ere, laguntza ematea dela; eta ez oztopo.


Urtarrilaren 26an ikasleak omenduko ditu Korrikak Usurbilen; ikasleak eta berbalagunak. Dena dela, guk geuk egin deizaiekegun omenarldirik egokiena ez al da haiekin beti euskara erabiltzea?


Bakoitzak berean, eman euskara elkarri, eskertuko digute eta!