Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

144

Lortuko dugu!!!

Dani Larrea | 2013-01-18 | 09:23:55

Duela hirurogei bat urteko kontua izan behar du honek. Bikote euskaldun bat, orduantxe elkarrekin ezkondutakoak, bizi ziren herritik ezkon bidaia egitera joan omen ziren. Egunez bisitatzen ari ziren hiriko kaleak gora eta behera zapaltzen aritu ondoren, gaua iritsi eta ostatura joan ziren. Zerbait afaldu eta logelara, horrela esaterik badago. Izan ere, garai haietan dirua ere ez zuten soberan izango eta logela izeneko hori ostatuko ganbararen txoko bat baitzen, txoko nahiko berezia: bitan banatua zegoen-eta, erdian izara handi bat zuela, horrela ostatu jabeak bi logela izatea lortzen baitzuen. Hori bai ekonomikoak!


Etzan ziren eta egunean zeharko jiraz nekatuta bazeuden ere, ezin ba, besterik gabe, lo egin. Zirri hemendik eta zirri handik, kontua berotzen zihoan. Baina izararen beste aldeko bikotea ere ez zegoen lo egitekotan: "oin, eutsi zuk hortik"; "bultza, bultza"; "etxoin, etxoin, laga neri"; "holaxe, holaxe, badoia sartzen-da".


Horrelakoak entzutean, gure bikoteari ere kuriositatea sartu zitzaion, etxekonekoenak zirriak baino zerbait gehiago baitziren. "Oin bixok gainian". Ño, hori gehiezkoa zen! Zutik jarri, izara apur bat mugitu eta disimuluan albokora begiratu zuten. Han ari ziren bai, biak gainean, baina ez zera zertzen, baizik eta maleta itxi guran.


Pasadizo hori etorri zitzaidan gogora joan zen larunbatean, Bilboko manifa erraldoiaren bukaerako ekitaldian: lehenengo, mezuaren zati bat euskaraz; gero, mezu bera, gazteleraz; eta, ondoren, frantsesez. Eta horrela hiruzpalau aldiz, diskurtsoa osatu arte. Keinu-hizkuntza zerabilen laugarren bat ere bazegoen, baina hura ez nuen kontrolatu.


Halako sentsazio gazi-gezarekin bueltatu nintzen autobusera: "Lortuko dugu!!!" hiru aldiz. Orain, hirurak gainean; biren faltan hiru?.


Urtarrilaren 15eko BERRIAn, Joxemi Zumalaberen heriotzaren 20. urteurrena izan dela-eta, Xabier Alegria euskal preso politikoaren "Izarren uzta" izeneko artikuluan, elkarrekin izandako harremanez ziharduela, pasarte baten hauxe zioen: "Demokrazia, erabakitzeko gaitasun oso eta askea, estatu baten premia, bitartekoen berme bihur dadin. Berme bakarra euskaldunon ahalmen eta botere autoeratuan dagoela ikasi nuen zure ondoan, gaurdanik erein eta hazi beharreko horretan. Eta ezker abertzale diglosiko hartan, elebitasun hutsal itogarria astintzeari ekin genion…".


Hogeitaka urte igaro ondoren, ez ote gara gauza, elebi(hiru)tasun hutsal itogarria astintzeko? Ezetz dirudi eta badakit manifaren antolatzailea ez zela ezker abertzalea izan baina ulertzen didazue, ezta? Hegemonia, botere autoeratua… eta horrelakoak aipatzen ditugu sarri-sarri, baina eguneroko praktika bide horretatik ote doa?


Euskara hegemonikoa? . Ba, bai. Izan ere, euskara biziko bada, espazio edo gune hegemonikoak behar ditu, euskara nagusi , Bilbon ez bezala.


Ez dago elebitasun orekaturik, ez dago "biok gainean" egoterik, ez behintzat zereko zera zertzeko. Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan lortu behar dugu, eragile guztion artean, euskarak zentralitatea izatea, euskarak arnasguneak izatea, esparru hegemonikoak; eta botere publikoei dagokie horiek babestea, behar diren mekanismo guztiak erabilita; eta euskaldunoi dagokigu, hori horrela izan dadin, behar den tokietan, guztietan, eragitea. Lortuko dugu!!!