Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

143

Gazte bazkaya: torri nahi dunak izena man zala auro!

AITZIBER ARNAIZ | 2013-01-17 | 13:19:14

Gaur OIARTZUERA LANTALDEKO kide baten bidez, blog batean irakasle izan nuen Elixabete perez Gazteluk idatzitako artikulu bat jaso dut (http://31eskutik.com/2012/12/10/idazteko-moduez/#comments). Gustura irakurri ondoren, jaso duen erantzunetako batek barrena mugitu dit. Han idatzi dudan erantzuna egokitu eta hona ekartzea egokia iruditu zait, herriko hizkera lantzea hainbaten kezka eta ilusio iturri bihurtu baita, zorionez.


Barrena mugitu didana une honetan Oiartzunen hainbesteko ilusioz lantzen ari garena, euskararen gainbeheraren sintomatzat hartu daitekeela pentsatze hutsa izan da. Bai, horretan ari gara une honetan Oiartzunen, eta gurean bezala, beste herri askotan: bertako hizkera non, noiz eta nola erabili daitekeen (edo nahi den, edo komeni den…) aztertzen eta lantzen.


Hizkuntza batek iraun dezan, ezinbestekoa da erabiltzea. Honetarako, "erabilgarri" behar du izan . Elixabetek dioen moduan, EUSKARAZ BIZI DIREN gazte hauentzat, askoz erabilgarriagoa da horrela idazten badute, hitz egiten duten moduan, alegia. Eraginkorragoa da, ahoz erabiltzen duten hori bera idatziz erabiltzea, eskolan ikasi eta erabiltzen dutena baino. Beraz, bejondaigula! Hauek izango baitira, euskaraz bizitzen jarraitu eta zabaltzeko indarra ekarriko digutenak. Gazte hauek estandarra ere primeran erabiltzen dute "behar den" toki eta momentuetan, baina hurbilagoa, gozoagoa, maitagarriagoa … zaie berea, herrikoa, gazteen artean naturaltasunez darabilten hori. Honek inbiria sortzen du inguruan, ondoko herrietako gazteengandik bereizten ditu eta aldi berean bildu.


Uste dut bide onetik goazela. Baina, bertako hizkera hurbil hori "nola" idatzi behar dugun? Hortxe do kroxka! Oraingoz, ahoz erabiltzera animatu nahi ditugu gazteak, begiraleak, entrenatzaileak… baina baita beste era bateko egoera informaletan parte hartzen duten herritarrak ere: gurasoak, hezitzaileak, herriko irratiko esatariak, irakasleak…


Hasi besterik ez gara egin: ahozko ondarea jaso (Oiartzuarren Baitan egitasmoa), motibazio saioak antolatu…


Hurrengo batean gehiago! Ongi bizi!