Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

142

Eskerrik asko euskara ikasleari

Mertxe Mugika | 2013-01-16 | 07:31:36

Gaurko kolaborazioan Mireni, Olgari, Mari Karmeni, Adolfori, Gorkari eta Manolori eskerrak emanez hasiko naiz. Hauei eta beste milaka laguni eskerrak eman nahi dizkiet. Eta zergaitik? Bada, euskaltegiren baten euskara ikasten edo hobetzen ari direlako. Sarri askotan ez da ezagutzen, euskara ikasten ari direnek egiten duten esfortzua, bai denboran zein dirutan. Askok eta askok astean 6-10 ordu igarotzen dute euskaltegietan; beste askok, bestalde, autoikaskuntza aukeratzen dute eta ordenagailu zein tutoretzetan ordu dexente ematen dute. Hori gutxi balitz, berezkoa duten hizkuntza ikasteko, dirutza ordaindu behar izaten dute; eta hori ez da onargarria ez ulergarria. Euskara ikasleak elkarbizitzari egiten dion ekarpena oso handia da, nekez uler daiteke euskararen normalizazioa helduen euskalduntzea barik. Euskarak hiztun asko irabazi ditu azken hamarkadetan eta horietako anitz euskara ikasleak dira eta HEAri zor zaio. Horrexegatik omenduko ditu KORRIKA 18k euskara ikasten, hobetzen edota praktikatzen ari diren horiek guztiak (eta nola ez, dagoeneko bide hori egin duten guztiak); eta hori, Usurbilen, urtarrilaren 26an egingo den ekitaldi xume baten bidez egingo du. Eta jakin badakidanez omenaldi bat ez dela nahikoa euskalakari izateko ahalegina eskertzeko, bada, eskari batekin amaituko dut zutabe hau: botere publikoei dei egiten diet euskara babesteko, gurea den hizkuntza ikasteko bideak errazteko eta doakotasunean aurrerapasuak emateko; finean, hartu behar diren erabakiak hartuz, esanetatik ekintzetara pasatzeko,.