Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

139

Lehentasunak. Lehena.

Zigor Etxeburua Urbizu | 2013-01-09 | 20:22:42

Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki aurkeztu ditu euskararen arlorako aurtengo asmoak, gizarte eragileei zuzendutako aurkezpenean. Aurreko zutabe batean Rober Gutiérrez adiskideak galdetzen zuen ‘Zeintzuk dira lehentasunak? Zer egingo dugu horietan eragiteko? Zenbat denbora dugu hori egiteko?’ eta galdera horiei erantzuten saiatuko naiz gaur estreinatzen dudan Ereiaro honen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren arloan 2013rako zehaztu dituen lehentasunak ezagutzera emango ditut, atalka.


Bi ildo nagusi jarraitzen ari gara legealdirako, euskaraz ariko den Aldundia lortzea, eta euskararen garapen osoa bultzatu eta lagunduko duen herri erakunde eragilea bilakatzea. Lehen ildoan, ezaguna denez, bere zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko epea jarri dio Aldundiak bere buruari: legealdi amaiera. Horrekin batera, lana euskaraz egiteko urratsak bizkortuko ditugu, horretarako, Aldundiaren lau zerbitzutan plangintza berezi eta intentsiboak abiatuz.


Era berean, bereziki helduko diogu Aldundiaren eraginpeko kontratazioetarako hizkuntza irizpideak hobetu eta ezartzeari. Herri erakundeok nahitaezkoa dugu gure jardueretan euskaraz normaltasunez funtzionatzea, euskararen ofizialtasunari atxikitzeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Horregatik, administrazioaren kontratazioetan bere zerbitzuak eskaini nahi dituen enpresa edota entitateak ziurtatu behar du bere lana euskaraz egiteko gai dela, hala prestazioen hartzailea administrazioa bera denean, nola administrazioak enpresa pribatu baten esku jartzen duenean herritarrei eman beharreko zerbitzuen kudeaketa.


Kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzearekin beste bi eragin izan ditzakegula uste dugu: Bata, alor sozio-ekonomikoan euskararen garapena nabarmen bizkortzea. Eta bestea, Joanmari Larrarteren ‘Belaunaldi batean?’ zutabeko gogoetaren bidetik (Zertarako ikasi behar dut euskara, ez bada erabiltzen, ez badut beharko? (…)azkar ikusten du edonork lanerako ez dela hain beharrezkoa….), oraindik nahikotasunez moldatzen ez diren herritarrek euskara ikastea edo hobetzea, enpresek langile euskaldunak beharko dituztelako.