Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

137

Adiskide, egin dezagun euskaraz!

Karmele Aierbe | 2013-01-09 | 12:52:32

Euskaldunen artean, euskaraz jakin arren, erdaraz aritzen diren ezagun askorekin sarritan topatu ohi gara. Gure hizkuntza alde batera utzi eta "hizkuntza handiek", nonbait euskara ez daukate handitzat, handiago egiten dituzte. Euskara eta euskararen herria maite dugunok, egoera horietan, errespetuagatik edo isildu egiten gara eta zenbat amorrazio bizi izaten dugun, gero! Sarritan galdetu izan diot nire buruari: noizbait izan al dute euskarari egiten dioten kaltearen sentimendurik?


Lehengo batean, erdaraz ari ziren senar-emazte ezagun batekin topatu nintzen eta euskaraz dakiten arren, beraien artean erdaraz ari ziren. Ni ikustean, euskaraz hasi ziren eta horrela jarraitu genuen, baina, elkarri zerbait esan behar zioten bakoitzean erdarari heltzen zioten.


Erdaraz ari zirela ikustean esan nien, adiskideok euskaraz badakizue eta nolatan ari zarete erdaraz?


- Erantzuna: Euskaraz dakigun arren, erdara da gehien erabiltzen dugun hizkuntza, gure ohikoa bihurtu da. Gure haurrei euskaraz egiten diegu eta oso ondo egiten dute, baina, guk beraien aurrean ere erdaraz egiten dugu. Lagunartean ere, guztiak euskaldunak izan arren, erdara da nagusi.


Zuen seme-alabak, zuengana zuzentzen direnean, ze hizkuntza erabiltzen dute?


- Erantzuna: ia beti euskaraz, baina, gu erdaraz ari garela ikustean, gure elkarrizketetan erdaraz ere sartu ohi dira.


Konturatzen al zarete, zer nolako kaltea egiten diozuen euskarari, euskararen herriari, euskaraz bizi nahi dugunoi eta zuen inguruan mugitzen den orori?


- Erantzuna: hainbesterainokoa al da? baina, guk badakigu euskaraz?, egia da gutxi egiten dugula edo erabiltzen dugula, gainera, edonora goazelarik ere erdara da gehien erabili behar duguna. Oso leku gutxitan topatzen ditugu euskaldunak eta horrek berak ere erdaraz egitea bultzatzen gaitu. Erdarak, gure inguruan, euskarak baino balio gehiago du.


Tamalez, ohiko jarrera eta erantzunarekin topo egin nuen. Gure herri txiki eta euskaldunenetan ere, euskararen arnas gune nagusiak direnak, erdararen erabilera geroz eta handiagoa da. Gure haurrak eta herritarrak oro ar , herri euskaldunenetatik handiagoetara joan direnean erdaldundu egin dira, baina, herri handietakoek ez dute alderantzizko biderik egin, alegia, ez dute euskaldunago izateko ahaleginik egin eta herri euskaldunetara doazen erdaldunak, erdararen erabilera bultzatu dute.


Urteberriarekin batera, euskararen aldeko pentsamendua eta sentimendua piztu dezagun. Herri gogoa indartu eta orain arte erabilitako euskararen aldeko bide okerra, norabide egokian eta irabazpidean jartzeko garaia da. Ekin diezaiogun ba!