Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

135

Aldarrikapenak gazteleraz

Koldo Tellitu | 2013-01-08 | 23:48:43

Blog honetan egin nuen lehen kolaborazioan saskibaloiaren munduan eta kirolean orokorrean euskararen erabilerak izan duen aurrerakada dela eta pozik azaldu nintzen, eta gure hizkuntzaren erabilera normalizatuko bada, esparru guztietara zabaltzea derrigorrezko lana dela ere azpimarratu nahi izan nuen.

Azkenaldian, aurrera egin beharrean atzerakada izaten ari den esparru bat badela ohartu naiz ordea. Aldarrikapenak.

Benetan kezkatu nintzen Eusko Legebiltzarraren eratze plenoan legebiltzarkide bat, adin mahaian egotea zegokiona “yo también soy de Gaza” zihoen kamiseta jantzita ikusi nuenean. Egia da aurrerantzean euskarazko kamiseta erreibindikatiboak eramateak ez duela euskararen normalizazioa baldintzatuko baina pleno honek hainako jarripena duen ekitaldi batean aldarrikapena erderaz egiten bada, zeozer ondo ez dabilela adierazten dit niri, ala bestela eniola legebiltzarkideari ulertu. Hurrengo egunetan gertatutakoaren justifikazio baten bila ibili nintzen: euskal herriko biztanle guztiengana iristeko izango zela, ala Espainiar Estatuan proiekzioa izateko izango zela.. baina ez, justifikazio hauetariko batek ere eninduen asebetetzen. Kamiseta haretan euskara ez agertzeak ez du justifikaziorik.

Baina txarrena da, azaldutakoa ez dela gertakari isolatu bat.

Handik egun gutxitara Iruñako Gamesako langileen manifestazioko pankarta ikusi nuen, erdera hutsean, nahiz eta beste batzuen artean sindikatu abertzale batek ere deitzen zuen protesta ekitaldira. Begira eta begira ibili nintzen, baina ez nuen ezertxo ere euskaraz aurkitu. Ala Barakaldon, desjabetzea gertatzear zenean bere buruaz beste egin zuen emakumearen heriotza zela eta egindako protestetan oso zaila zen euskarazko aldarrikapenik aurkitzea manifestariek zeramatzaten testuen artean.

Azkenaldian mezu nagusia, mobilizazio bakoitzaren aldarrikapen konkretua, erdera hutsean ikustea ohikoa ari da bihurtzen eta gero, azpian, pankartaren behekaldean euskaraz esaldi generikoren bat. Mezu garrantzitsua erderaz jarri ohi da, eta gero, pankarta bukatzear dagoenean, norbaitek gogoratzen du zertxobait euskaraz agertu behar dela eta orduan txaplata moduan esaldiren bat gehitzen da.

Etengabe ari gara administrazio publikoei euskararen normalkuntzan parte-hartze eta ahalegin handiagoa eskatzen, baina agian modu kritikoan begiratu behar diegu eguneroko jardunean euskararen erabileraren garrantzia horren argi ez duten talde politiko, sindikatu eta herri eragileei ere. Eta baita norbanakoei ere, geure buruari, aldarrikapenen batean eragile aktibo garenean. Argi dago euskaren normalizazioan beste ekimen batzuk askoz ere garrantzia handiagoa dutela, baina aldarrikapenen erderatze hau ez da inola ere berri ona.

Eta euskararen normalizazio bidean oinarrizkoa ez den arren, bana-banako eta erakunde askoren inkonszientean euskera oraindik ere bigarren mailan dagoela adierazten du, mezu garrantzitsua gazteleraz joan behar dela eta euskaraz kunplitzeko besterik ez dela jartzen mezua. Are txarrago, atzeraka goaz, batzuetan ezta konplitzeko ere ez da jartzen eta, aurrerago aipatu dudan moduan. Eta etxean ditutan Egin eta Egunkariko urtekariak, ala “Euskal Herriko Kartelak” bilduma errepasatzen ditudanean tristuraz ikusten dut larogeiko hamarkadan arlo honetan euskararekiko sentsibilitatea handiagoa zela.

Euskararen normalkuntzak denok, administrazioek, talde politikoek, sindikatuek, herri eragileek zein norbanakook eremu guztietan euskara lehenestea behar du, eta hau nabarmentzea edozein ekimen publikotan.