Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

133

Euskara ez da estrategikoa

Itziar Nogeras | 2013-01-07 | 17:15:57

Auzoko batzarrekin hasi zuen orain indarrean dagoen agintaldia Errenteriako udalak 2011. urtean, ikuspegi integratzaile zein parte-hartzailearekin eta hasiera-hasieratik herritarrengandik gertu. Baina, ez du horretan geratu nahi izan, eta auzoko batzarretatik areago begiratu eta begiratzea nahi du eta, horregatik, abiatu zuen iaz Errenteria 2025 plan estrategikoa. Gogoeta baterako proposamena egin digute herritarroi, non eta nola kokatu nahiko genukeen Errenteria hemendik urte batzuetara.


Lehen aldiz abiarazi du Udalak herritar desberdin eta askoren iritzia kontuan izango duen gogoeta bat. Planteamendu interesgarria. Diagnostikoraino iritsi da 2012an.


Esan beharrik ez dago etorkizuna ezin dela aurreikusi eta are gutxiago diseinatu. Baina, ikuspegiz jokatzeak eta egunerokotasunetik burua altxa eta perspektibarekin aritzeak lagunduko gaitu beste gogo eta sendotasun batekin bizitzen. Eta horretan ahalik eta herritar gehienek parte hartzeak berebiziko garrantzia du eta ondorio esanguratsuak izan beharko lituzke etorkizunean.


Asmatu beharko da, beraz, berehalako beharrei erantzuteaz gain, zutabe sendo batzuk eraikitzen; gure sena elikatzen duten balore nagusiak adosten eta zaintzen. Hala nola, EUSKARA.


Diagnostikoa lantzeko udazkenean egin ziren hiru bileretan parte hartzeko aukera izan nuen. Lehen bileran bertan ebatzi beharreko dilema izan genuen euskararen kokapenarena, kulturaren arloarekin batera baitzegoen eta lan-talde bakarrean geunden eragile guztiok, bai kulturakoak baita euskarakoak ere. Lehen erabakia, euskarako parte-hartzaileen eskariz, eta oso zuzena, talde bereiztea izan zen. Horrek ere ekarriko du gobernu-antolaketan eta sailetan bereizketa bera etorkizunean? Logikoa litzateke, ezta? Gipuzkoako Foru Aldundiak emana du urrats hori; gobernu baten arlo eta jarduera guztiak hartzen dituen gai nagusi gisa.


Ebatzi beharreko beste dilema bat estrategikotasunarena eta euskararen izaerarena izan zen. Euskara estrategikoa? Europako zaharrena? Geurea? Zaila? Erraza? Jatorri ezezagunekoa … Eta?


Eta euskarari buruz edo bere historiari buruz hitz egin behar dugu gogoeta estrategiko batean? Ez, berehala konturatu ginen ezetz.


Balore gisa tratatu behar dugu eta hori zaintzen eta garatzen ibili diren pertsona eta erakundeak dira gakoa. Horiek balioan jarri behar dira eta indartu. Hori da estrategikoa une honetan. Horixe, eta asmatzea borondatez (militantziaz) zein era profesionalean, bietan, euskalgintzan jarduten eta bi planoen arteko bereizketa ongi egiten eta ongi egin dadin bermatzen.


Nondik gatozen jakin, non gauden aztertu, erabakitzeko nora joan nahi dugun. Horixe da gaia.


Zumardiko eta herriko plazako giroa iluntzen zuten heroina-saltzaileek ez zuten pentsatuko negozioa amaituko zitzaienik eta bertan herritarrek ingurua alaituko zutela lagunarteko elkarrizketekin, trago batzuk lagunduta, hori bai. Guardia zibilen lekua liburuek hartuko zutela eta bertatik jipoi batzuk hartuta atera beharrean, liburua besapean hartuta aterako zirela gazte zein heldu kulturazaleak zer pentsatuko zuten teniente eta koronel maltzurrek . Lantokien lekua hartu dute etxebizitza eta parkeek, lantokiek landa-lekuak hartu dituzte …


Euskarak ere zer pentsatuko zuen hainbeste aho berritan ibiliko zenik, konkistatuko zuenik inor. Euskal hiztunen kopurua handiago da, duela 30 urte baino. Baina, euskarak gora-behera handiko ibilbide neketsua egin du oso. Instituzioen ikuspegitik eta horiek eredu izan behar dutela jakinda; adierazgarria da, esate baterako, eta kezkagarria ere bai, azken 25 urtetan Errenterian egon diren alkateek ez zekitela euskaraz eta ez dutela ikasi! Alkateek bezala, gobernukide gehienek. Zer pentsatuko zuen euskarak hain bide pobre eta neketsua izango zuenik gero!


Eta euskalgintzak eta euskaldunek hortxe egin dugu bidea giro eta utzikeria instituzional horretan, nola edo hala.


Gainditzen joan dira hainbat arazo: gatazka armatua, heroina-trafikoa, herri-barneko auto-poluzioa… Orain ere badira zailtasunak eta arazoak, noski: enplegua, etxebizitza, genero-indarkeria… garaian garaikoak. Horiei nola egingo zaien aurre eta irtenbideak bilatzea da gakoa eta, hasieran esan bezala, herritarren parte-hartzearekin batera egindako gogoeta bat aukera ona eta indartsua iruditzen zait.


Euskarak erronka izaten jarraitzen du eta merezi duen lekuan jartzeko garaia da, erdian, herriaren balore nagusi gisa; zaintzeko eta garatzeko, eta harrotasunez bere herritar guztiek esan dezaten Errenteria edo/eta Orereta, bere kultura- eta ideologia-aniztasunean, herri integratu eta euskaldun bat dela 2025a iristen denerako.