Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

132

Joxemiren maitasunaz

Xabier Mendiguren | 2013-01-07 | 09:32:00


"Maitatua sentitzen naiz alde guztietatik eta neure barruan ez da kabitzen horrek sortzen didan poza", idatzi omen zuen bere koaderno beltzean hil baino egun batzuk lehenago. Nik ez nuen bera hurbiletik ezagutzeko aukerarik, ni baino geroago munduratu zen eta nabarmen lehenago alde egin zuen bertatik. Zorionez baditugu gertutik ezagutu zutenen testigantzak, eta inondik ere ekimen eta indar handiko gizasemea izan bide zen, diotena entzunda eta utzitako arrastoa kontuan hartuta.
Ni ez naiz nor aipaturiko esaldi horretan ageri diren "maitatu" eta "poz" hitzen esanahiaren exegesia egiteko baina gaztetatik euskalgintzako hainbat proiektutan ari izan garen batek baino gehiagok ere, uste dut, berdintsu deskribatuko genukeela geure bizitzan zehar sentitutakoa. Soldata urriak, bitarteko mugatuak, eragozpen ugari, lan-ordu luzeak… baina hala ere ilusioz eta atseginez aritzen ginen esku artetik proiektuak ateratzen zirela ikusita.


Nik neuk Saioka ikasliburuak, Eusko Kontseilu Nagusiko plangintzak, Martuteneko Itzultzaile Eskola, SENEZ, Literatura Unibertsala, Pentsamenduaren Klasikoak, itzulpengintzari buruzko masterrak, ehunka artikulu eta hitzaldi, eta azken hamarkada luzean Kontseilua…. Zilegi bekit, urrunetik bada ere, antzeko zerbait bizi izan dudala euskalgintzako neure urteetan, eta oraindik ere jarraitzen dudala horrelako zerbait sentitzen esku artean ditudanetan, nahiz eta egunerokotasunean errealitatea zertxobait zikinago eta itsusiago agertu batzuetan.


Ez dut uste oker nabilenik Joxemiren poz hori gure artean langile askoren egunerokoan nabari dela aitortzen badut. Garaiak ez dira erosoak, baina gure artean oraindik jendeak ilusioz lan egiten badaki eta proiektu berriak pentsatu, diseinatu eta eraikitzen, eta horri esker katea ez da eten. Horrela bakarrik dira ulergarri azken mende-erdian gure artean egin eta eraiki direnak, maitasun eta pozezko bizipen horiei esker.


Horregatik, Joxemi haren oroitzapenari hautsak kentzeak mesede egingo die lankide izan zutenei eta antzeko proiektuetan gaur egun ere egunero zailtasun-olatuetan surf eginez ari diren hainbeste Joxemi ezezaguni. Eta beste behin arrazoia eman beharko diogu Danteri L’amor que move il sole e le altre stelle (Paradiso XXXIII,145) esan zuenari.