Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

126

Pantailak, nerabeak eta euskara

Mertxe Mugika | 2013-01-02 | 09:29:07

2012 urtea ere arin joan zaigu. Egun hauetako egunkari eta bestelako medioetan hainbat eta hainbat laburpen, urteko argazki onenak eta horrelakoak ikusteko zein irakurtzeko parada izan dugu. 2013 urtearen atarian gaude eta, ohikoa denez, prezioen tasen igoera dugu aipagai handik eta hemendik. Energia, garraioak, ogia; dena garestiagoa izango da urte berriarekin eta egun hauetako albiste bilakatuko da. Ez dut esango igoera horiek ez nautenik kezkatzen, izan ere hilabete bukaeran poltsikoan ederto nabaritzen diren igoerak dira; baina hori guztia aldatzea gure esku ez dagoen zerbait da, zoritxarrez. Dena dela, badago beste igoera mota bat, eztabaidetan eta idazteko orduan, zer esan asko eman diguna eta emango diguna aurrerantzean ere; euskararen erabilera. Uste dut erabileran gora egin ahal izateko aldagai batzuk, gutxienez, gure esku daudela; eta horretan ez dugula behar beste eragiten edota ez dugula asmatzen, behintzat. Egun hauetan, aspaldiko partez, herrian denbora gehiago emateko aukera izan dut; eta zer pentsa eman dit nerabeen artean erdararen erabilerak nolako hedapena duen. Zer pentsa eman dit, esku artean mugikorra, tableta edota bestelako gailu bat izanda (beti ere pantaila bat duena), elkarrizketa ia guztiak erdara batuan gauzatzen dituztelako. Nerabe hauek D ereduan ikasten dute eta horietako askok etxeko hizkuntza euskara dute, beraz, ezagutzaren aldetik arazorik ez. Etorkizuna teknologia berrietan dagoela esaten dute adituek, gaur egungo gazteak mundu horretan hezi direla eta heziko direla. Ez nago ni oso trebatuta gaian, baina arlo honetan euskaraz erraz eta ohituraz aritzeko zerbait egin beharra dagoela iruditzen zait, aurrea hartu beharra dugula. Beraz, berandu baino lehen, "EMAN EUSKARA ELKARRI" teknologia berrietan!!!