Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

124

It's the economy, stupid!

Josu Aztiria Urtaran | 2012-12-30 | 22:08:38

Euskararen gizarte-erakundeek egin duten ekarpenaz eta potentzialitateaz aritzean, oso gutxitan aipatua izan da sektore honen dimentsio eta ekarpen ekonomikoa. Gizarte-ekintzailetza, enpresa soziala eta laugarren sektorea bezalako kontzeptuak ugaritu diren arren, enpresa-mota hauen esperientzia arrakastatsuak erakustean, euskararen gizarte-erakundeen aipamen txikiena ere ez da egiten. Agian ez dituzte kasu arrakastatsutzat ikusiko, batek daki; baina euskalgintzaren dimentsio edo ekarpen ekonomikoaren ikusezintasunaren adibide argia da. Eta horrek baditu bere ondorioak: sustatu beharreko gizarte-erakundeak izan beharrean,. lagundu beharrekoak bezala ikusten dira; urtez urteko diru-laguntzak eta ez epe ertain-luzeko finantziazio-bide iraunkorrak.


Nik, inongo zalantzarik gabe, euskararen gizarte-erakundeak ekonomia sozialaren eremuan kokatzen ditut. Euskarararen garapenaren motorra izateaz aparte, gizarte honen ekonomiari ekarpen handia egin diote eta salbuespenak salbuspen, harreman-ekonomikoak ulertzeko ikuspegia partekatzen dute (askotan baita egitura juridikoa ere) kooperatibismoan eta ekonomia sozialean kokatzen diren enpresekin: Helburu sozialak eta pertsonak kapitalaren gainetik jartzea, kudeaketa parte hartzailea, zerbitzu eta produktuen erabiltzaileen interesak eta helburu sozialak bat etortzea, erakunde publikoekiko independentzia eta irabaziak proiektu berrietara bideratzea bezalako balioak ez zaizkie arrotzak. Autoeraketaren eta ekonomia sozialaren onura ekonomikoak begisitakoak dira, ezta?


Era berean, zenbat enpresa, lanpostu eta zerbitzu berri sortu dituzte euskararen-gizarte-erakundeek? Zenbat merkatu berri ireki dituzte? Zenbat ahalegin kalitateko produktuak eskaintzeko masa-kritiko oso txika duten merkatuetan? Zenbat arnasgune eta espazio hegemoniko sortu dituzte? Inoiz egin beharko da azterketa kuantitatibo on bat.


Eta dimentsio ekonomikoari jarraituz badira beste alor batzuk aski garrantzitsuak eta etorkizunean ere izango direnak. Deshazkunde garaiotan enpresa sustraidunak, kapital sozial sortzaileak eta garapen lokalarekin konprometituak dira behar ditugunak, eta euskararen gizarte-erakundeak sustatzea da espazio hori bete eta zabaltzeko modu eraginkor bat.


Eta aro eta urte berria aukera ezin hobea da erabaki ausartak hartzeko, euskararen gizarte-erakundeen ekarpen multidimentsionala aitortu, eta diru-laguntzetatik haratago, finantziazio-bide iraunkorrak eta hitzarmen-programak martxan jartzeko. Ezinbestekoa gure hizkuntza-komunitatearen erronkei eta jarduten duten negozio askoren eraldaketari sendotasunez erantzuteko.


Eta baita aurrez aurre ditugun desafio ekonomiko, sozial eta ekologikoei erantzuten laguntzeko ere.