Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

123

San Estebanxe eta hizkuntza politika

Dani Larrea | 2012-12-29 | 11:23:23

Esku artean dut Arrasateko hainbat gazteri aurtengo udazkenean egindako galdeketa baten emaitzak jasotzen dituen orritxoa. Galdeketa egitearen ardura bertako gazte taldetxo batek izan du eta gazteei gazteek dituzten hiru arazo izendatzeko eskatu zitzaien. Hona emaitzak: euskara, kultura eta politika. Hiru horiek dira Arrasateko gazteek dituzten arazorik handienak, arazorik sakonenak.

"Inuxente, babalora, txakurren buztana gora-gora!", "Earra sakatu jotset, Solo!"

Ez dakit nik zenbaterainoko fidagarritasuna eman behar zaien horrelako galdetegiei (laginagatik-eta diot) baina nago gutxienez joera bat adierazten dutela. Aipatu hiru faktore horiek oso garrantzia txikikoak baldin badira, horrek zer esan nahi du? Arrasateko gazteek horiekikoak gaindituta dituztela eta, horregatik, iada ez direla arazo, ala...?

Eta San Estebanxe? San Estebanxe? A bai, San Estebanxe!

Gure inguru honetan bada esaera zahar bat egunotan entzuten dena (ziur aski, zuenetan ere antzerako zerbait erabiliko duzue): "Natibitate (25), ase eta bete; San Estebanxe (26), handik aurrera lehen bezelaxe".

Poliki-poliki ari gara ezagutzen Jaurlaritza berrian ardura karguak izango dituztenen izen-abizenak, hasi sailburuekin eta hortik behera. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barruan, Hizkuntza Politikako sailburuordea Patxi Baztarrika izango da eta hortik beherakoak, nik behintzat ez, oraindik ez dira ezagutzen.

Datorren urtea beltza datorrela diote horretaz dakitela diotenez. Baina, krisiak krisi, bada dioenik bizi dugun garaia erabaki ausartak hartzeko baliatu beharko genukeela; erabaki ausartak baita hizkuntzaren alorrean ere.

Orain hurrengoan irakurri nion Josu Baranbones itzultzaileari, datozen urteotako balizko hizkuntza politikaz ari zela, berak ez zuela esperantza handirik EAJkoekin, lehen ere Jaurlaritzan egon zirela eta...

Josuren iritziz, horrenbestez, "San Estebanxe,...lehen bezelaxe".

Zer gertatuko den ikusteko badago ere, ni neu banoa "EUSKARA XXI" testuari hautsa kentzera!.