Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

119

Euskararen bitartekoak eta gerokoak

iñaki martinez de Luna | 2012-12-19 | 19:07:02

Euskal Herria bidegurutzean dago eta euskara ere zurrunbilo horretan dabil bueltaka. Hala ere, ez gaitezen kikildu, zirimola horretan itota bukatzeko arriskua saihestu dezakegu-eta. Areago, gure esku dago euskararen urak baretu daitezen lortzea; alegia, hizkuntza gerlarako motiboa izatetik bakerako aukera bihurtzea.


"Bai, hilerriaren bakea" esango du baten batek. Ez dut uste hori denik euskararen ezinbestekoa. Gogoan izan behar dugu euskararen mendeetako gainbehera eten dela eta, interbentzio eraginkorraren lekuko izan diren gizarte esparrutan, joera iraultzen hasi dela honezkero. Aldaketa gertatu dela zalantza handiekin ametituko du aurreko lagun horrek, "bai, esparru gutxitan eta ez nahi bezain nabarmen" gaineratuz. Egi hutsa; baina orain, bidean egindako akatsak eta eskarmentua baliatuz, errazagoa dugu hutsune eta okerrei konponbideak bilatzea.


Abiapuntua hauxe litzateke: euskararen aldeko dinamika orokorra abian jartzea eta gizarte sentsibilitate guztiak, edo gehienak, norabide berean jartzea, gure hizkuntzaren normalkuntzaz gutxieneko adostasuna bilatuz.


Ez da erraza izango, gure izaera eta kultura banderizoei erreparatuta, marka litzateke batzuk eta besteak bide beretik joatea. Gainera, botilaren alde hustua beti ikusten duen lagun horrek, berean tematuta, ozenki jakinaraziko digu bere desadostasuna: "norabide berean, ezta pentsatu ere! Batzuek eta besteek euskararentzat nahi dugun lekua ez da, inondik inora, bera!" Horretan ere, ados. Nik neuk nahiko nukeena euskararen Euskal Herria (tautologia hutsa!) da eta, jakina, gure hizkuntzaren alde zerbait egitea onartzen duten guztiek ez dute asmo hori partekatzen. Alabaina, jomuga horretatik hain urruti gaudenez eta haraino iristeko zenbait geltokitik igaro beharko dugunez, ahalegin horretan topa genitzakeen bidaide guztiak lagungarriak eta, hortaz, estimatuak lirateke. Jakina da horietako batzuk nahiago dutela, gure jomugaraino iritsi ordez, tarteko geltokiren batetan gelditzea. Baina une hori lekutan dugu oraindik.


Momentu hori iritsi bitartean seguruago ibiliko gara erdara indartsuen ur-korronteetan txalupa handi batean, igerilari kixote baten gisara baino. Gauza izan gara, behin gutxienez, aniztasunaren inguruko adostasuna lortzeko; hots, hizkuntzaren batasuna eta, aldi berean, euskalkien aniztasuna onartzeko. Ahaztu gabe, gainera, aldaera estandar horrek izan zuen hasiera gorabeheratsua! Hortaz, den-denok gogo eta jomuga berberak ez izan arren, posible bezain probetxugarri litzateke hizkuntza politikan ere elkarrekin aurrera egitea. Tarte luzerako gainera. Estrategia eta taktikaren artean bereizten aspaldian asmatu zen eta halako ikuspegi bikoitza une honetan baliatu behar dugu. Bakarka baino errazagoa izango zaigu euskararen etorkizun duina elkarlanean bermatzea. Gerokoak, gero!