Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

117

Legealdi berriaren atarian

Mertxe Mugika | 2012-12-19 | 08:59:01

Lerro hauek idaztean ezaguna da dagoeneko EAEn legealdi berri honetan arituko den lan taldea, Iñigo Urkulluren zuzendaritzapean. Han eta hemen irakurri dut behingoagatik gobernu hau parekidea izango dela, hala behar ere XXI. mende honetan! Alabaina, sailburu bi ez omen dira euskaraz ondo moldatzen. Eta zer esango dizuet, bada? Oraingoan guztiak euskaldunak izango ziren uste osoa neukan, eta usteak erdiak ustel. Dena dela, onartu behar da, aurreko gobernuarekin alderatuta, aurreratu egin dugula. Bestalde, euskara albiste ez izatea espero dut; izan ere, herri honen gidariak izango direnek bi hizkuntza ofizialak ezagutzea naturala beharko luke. Era berean, jendaurreko komunikazio publikoetan ere (irrati-telebistako adierazpenak...) euskararen erabilera naturala izatea nahi nuke; argi baitago, jendartearen aurrean beraiek direla eredu.

Hori esanda, arreta piztu dit hezkuntza, hizkuntza politika eta kultura arloak sail batean batzea eta hirurei garrantzi bera ematea. Boteprontoan ondo deritzot euskararen normalizazioan zutabe nagusiak diren bi esparruak (batetik, haurren euskalduntzea Hezkuntzatik; bestetik, helduen euskalduntze alfabetatzea Hizkuntza Politikatik) batera egoteari, estrategia komunak behar direlako euskarak behar duen oreka lortzeko.

Sarritan esan dut euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa giltzarria dela euskarak aurrera egingo badu. Hortaz, lerro hauek probestuz, hurrengo eskaerak luzatzen dizkiot Cristina Uriarteri. Batetik, aitortzeko helduen euskalduntze alfabetatzeari benetan duen estrategikotasuna, horretarako behar diren baliabideak eta marko legalak egokituz; eta bestetik, euskara mailak baliokidetzen dituen dekretua moldatzeko, euskararen egoera aldatu ez denez, errealitatea desitxuratzen duelako.

Eta eskatzea nahikoa ez denez, elkarlanerako gure prestutasuna agertu nahiko nuke. Izan ere, helduen euskalduntze alfabetatze sektorean lanerako prest gaude. Ondoen egiten dakiguna egiteko babesa eta laguntza besterik ez dugu behar.