Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

116

Bermeoko portuan

Arritxu Zelaia | 2012-12-18 | 21:26:47

Bermeoko portuan, goizeko ordu bietan, ez da entzuten besterik, ez da entzuten besterik… gaztelaniaz baino. Egia ei da. Kalean ostera egin eta ikusten zena, entzuten zena, datuek baieztatu egin dute. Helduek eta haurrek egiten dute batik bat euskaraz.


Bilboko erdaldunen artean euskalduntasunaren paradigma izan da Bermeo; edozeinen ahotan "tengo un amigo euskaldun euskaldun, de Bermeo" entzun izan dugu behin baino gehiagotan. Bermeoko berbaera biziak ere adibiderako balio izan du behin baino gehiagotan. Soziolinguistika Klusterraren azkenengo kale-neurketaren arabera bermeotarren %73 euskalduna bada ere, kalean %36k egiten du euskaraz. 2006ko neurketan, aldiz, %60,2koa zen. Gehien egiten dutenak adinekoak (%59,8) eta haurrak bigarren lekuan (%42,4), ondoren helduak (%29,5) eta azkenik gazteak (%19,1).


Oro har, Euskal Herrian antzeko inguruneetan izan den joeraren kontra doa Bermeokoa. Ezagutza eta erabileraren arteko aldea espero daitekeena baino handiagoa da.


Eta ez da ahalegin faltagatik, Kontseiluak egindako udalen hizkuntza politikaren neurketan, estatusaren araberako rankinean, lehenengoa baita Bermeokoa, eta egoera soziolinguistikoaren araberakoan zortzigarrena. Udalaren funtzionamenduan, komunikazio kanal ezberdinetan, euskara nagusi da; eremu formala eta informalaren arteko etena handia da.


Zer pasatzen da Bermeon? Niri ulergaitza egiten zait.