Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

114

Guk geureari, baina babesa nahitaezkoa

Paul Bilbao Sarria | 2012-12-17 | 18:02:06

Ez naiz, ez, EREIARO kanalean Espainiako Hezkuntza Ministro Wert-ek iragarri duen lege-proposamenaz idatziko duen lehena. Halere, erasoak izan dezakeen eraginaz oharturik, salaketaz haratago horri nola aurre egin zehazteko ordua dela uste dut.


Gure herrian, erasoak eraso, jakin izan dugu aurrera egiten, eta gai izan gara herria euskalduntzeko tresna eragingarriak abian jartzen. Eta oraingoan ere badugu horretarako aukera. Izan ere, badago Wert-ek iragarritakoari aurre egiteko tresna, hain zuzen ere, Kontseiluak, gure erakundearen hezkuntza-sektorea ordezkatzen duten bazkideekin batera (Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Kristau Eskolak, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi), 2007an adostutako Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen izeneko proposamena.


Bai, orain da proposamen hori mahai-gaineratzeko abagunea. Gure herrian belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen eredua orokortzeko garaia da. Azken hamarkadotan belaunaldi euskaldun eleaniztunak sortu dituzten eragileek prestatutako proposamena da Kontseiluarena, eta beraz, hutsik egingo ez duela badakigu.


Halere, horretarako babesa eta determinazioa beharko ditugu. Baldintza sozialak baditugu, abenduaren 1ean Donostiara bertaratutako herritar bakoitzaren determinazioa da gure indarrik handiena. Orain, proposamen hori abian jartzeko eragile politikoen, sindikalen eta instituzionalen babesa behako dugu. Ekin diezaiogun, beraz, denok batera eta beldurrik gabe.