Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

109

Misterioa misterioagotzen

Xabier Mendiguren Bereziartu | 2012-12-12 | 15:55:00

109

Duela aste pare bat ‘Badubada’ San Telmoko euskararen erakusketa bisitatzeko aukera izan nuen. Ordubete atsegin bat eman nuen bertako eskaintza jasotzen. Eta bisitaren bukaeran, gehiegi pentsatzeari ekin gabe, lehen ibilaldi hartan jaso nuen inpresioaren testigantza baikorra utzi nuen idatziz, antolatzaileen lanari esker ona erakutsiz.


Handik irten eta denbora gehiegi igaro baino lehen, erakusketaren hasieran aipatzen den L. Mitxelenaren esaldia hasi zitzaidan buruan kolpeka, lehenik mailutxo baten gisara eta azkenerako borra bat bezala. ‘Euskararen jatorria ez, haren iraupena da misterioa.’ Hizkuntza asko hil edo desagertu direlako, edo gauden mendean haietako askoren heriotza iragarrita dagoelako?


Orduantxe jabetu nintzen erakusketan badela hutsune bat, hain zuzen "Hable Vd. cristiano" orain zenbait urteko erakusketak salatzen zuena edota J. M. Torrealdairen "El Libro Negro del Euskera" (Ttarttalo, 1998) argitalpen horrek hainbeste lekukotasunekin aipatzen diguna.


Mitxelenak miraritzat zeukana are mirariago bihurtu zitzaidan begien aurrean, esaterako, urte banaka batzuk lehenago espainiar estatuak "Euskaldunon Egunkaria" nola eraso eta deuseztatu zuen gogoratzean. Erakusketak ez zuen ezer aipatzen. Zertxobait lehenago AEK, Ikastolen Federazioak, Jakin aldizkariak, Elkar Argitaletxeak eta abarrek izandako eraso eta jazarpenaren berririk ere ez zetorren. Hamarkada batzuk lehenago euskara hitz egiteagatik isunak ordaintzen zirela, euskarazko liburuak erre egin zirela, Aitzol eta Lauaxeta bezalako euskaltzaleak balapean erori zirela eta abar eta abar ez zen inondik ageri. Erakusketa ikusita bazirudien hizkuntza batzuk suerte txarra dutelako direla hain hiztun gutxikoak eta beste batzuk suerte ona dutelako hain hiztun ugarikoak. Tartean gizakiek jartzen dituzten oztopoen berririk ez zen ageri. Bai, bada, badu meritua gure oroimenean bizirik dauden gertakari horiekin guztiekin oraindik eskasago edo erabat desagertuta ez egoteak. Tamalez, Mitxelenak aipatu zuen misterio, detailetxo horiek aipatuta askoz nabarmenago geratuko zatekeen, bai eta Torrealdairen liburua irakurtzeko gomendioa egin balitz ere. Bistakoa da erakusketa batean ezinezkoa dela dena esatea eta, are ezinezkoagoa denak asetzea, baina kasu honetan ‘misterioa’ nabarmenago geratuko zen bisitarien begietarako, amnesiak jotakoak gehitxo baitira oroimen historikoa errebindikatzen den garaiotan.