Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

1079

Noizko?

Iker Salaberria Urkizu | 2016-09-23 | 13:22:54

Seguru nago artikulu honen irakurle zaren horrek noiz edo noiz nik izaniko ideia bera izan duzula buruan bueltaka. Seguru, noizbait, nonbait, dendaren batean edo leihatilaren batean edo osasun etxeren batean,… euskaraz jardun nahi izateagatik erantzun deseroso bat, ez oso atseginen bat, jaso duzula. Ta horren aurrean, zure buruari noiz edo noiz galdetu diozula noiz arte jasan behar ote dituzun halako egoerak.


Ezagutu duzu beharbada Negu Gorriak taldearen Itxoiten abestia. Bizitzaren joana itxaronaldi bat bestearen atzetik (amari itxoiten, lehen eskola egunari itxoiten, lana noiz lortuko…) kateatuz kontatzen, kantatzen duena. Bada, eskaraz bizi nahi dugunok ere paseak ditugu makina bat itxaronaldi eta jada epe(muga) batzuk jartzeko tenorean gaudela iruditzen zait.


Noiz gaindituko dira gure segregaziozko hezkuntza ereduak? Alegia, noiz amaituko da hizkuntzagatik bereizkeria gure hezkuntzan? Noiz bermatuko die euskal herritar guztiei hezkuntza sistemak egungo munduari aurre egiteko aukera eta baliabide berberak eskaintzea, baita hizkuntza gaitasunei dagokionez ere? Noizko, jakin ahal izango dut, parean dudanari ez zaiola euskararen jabekuntza ukatu eta hitz egin ahal izango dut lasai berekin, ulertuko ote nauen zalantza etengabean aritu gabe? Noizko, hezkuntza sisteman baztertuak, gutxiagotuak izan diren horiek guztiek, euskara ikasteko ahalegina egin behar izateaz gain, ez dute gainkostu ekonomikorik jasan beharko eurena ere beharko lukeen hizkuntzaren ezagutza eskuratzeko?


Noizko, galdetzen diet ardura dutenei, egin ahal izango dut lasai euskaraz administrazioko ezein leihatiletan, horrek egoera deserosoak edo tramiteak atzeratzea, konplikatzea edo ezin garatu ahal izatea, ekarriko didan beldurrik izan gabe? Noizko, egin ahal izango ditut harremanak telefono hornitzaileekin edo banketxeekin edo noizko erosketak euskaraz, begirada okertzen didaten horiek edo oraindik ‘háblame en cristiano’ erantzuten didaten horiek, legeak ni babesten nauela eta horretarako eskubidea bermatzen didala, argi izanda.


Itxoiten eta progresibotasunaren itzalean atseden hartzen nekatzen hasitakoa naiz jada eta hizkuntza normalizazio prozesuetan bapateko aldaketak gertatzen ez direla dakidan bezelaxe, jakin dakik, normalizazio prozesuetan, plangintzei eta erabakiei epeak jarri behar zaizkiela. Eta eztabaida genezake, epeak laburragoak edo luzeagoak izan behar ote diren, neri galdetuz gero, erantzuna argia da: lehenbailehen. Lehenbailehen diot ez baikara herritarren aukerazko kontuei buruz ari, herritarren oinarrizko eskubideen bermeaz, herritarren duintasunaz eta elkarbizitza kontuei buruz ari baikara. Horrek, ezein politikarien eta politika publikoen lehentasunetan lekua izan beharko lukeelakoan nago. Ondorioz, zenbat urteetako kontuei buruz ari garen zabal dezakegun dezagun eztabaida, bada garaia.