Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

107

Erasoei erantzun!

Karmele Aierbe | 2012-12-10 | 11:30:36

107

Euskal Herriaren aurkako mendeetako zapalkuntza politikoaren barruan, gurea ez den nortasun arrotza inposatu digute eta inposatu nahian jarraitzen dute. Madrildik datozen albisteak, euskaldunok lasai egotekoak ez dira. Oraingoan, Wert hezkuntza eta kultura ministro espainiarraren adierazpen eta mehatxuak izan dira.

Gogoratuko dugu ere, Urriaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara lehenesteko hartutako konpromisoen harira, Gallardon jaunak Donostian zer esan zuen: «Estatuaren abokatuak horren legezkotasuna aztertzen ari dira». Eta ez hori bakarrik, Bilduren jokaera legez kanpokoa izan daitekeenaren «zantzu argia» ere egon litekeela zion.

Erasoen emaria, Madriletik ezezik, etxean ere etengabekoa da. Euskararen herrian, gure etxean, arrotz nahi gaituzte, menpeko gorputz eta bihotzarekin nahi gaituzte.

Euskarak ez du behar beste aurrera egiten. Menpeko legeak ditu eta erdarek duten ikasi beharrezko kategoria mailarik ez du. Egungo legeen arabera, ez da lehentasunezkoa eta ez da beharrezkoa eta beharrezkoa ez bada ez da erabiltzen eta erabiltzen ez dena hil egiten da. Beraz, Euskal Herrian ireki den aro politiko berri honetan, menpeko Euskararen lege antzuaren 30. urteak bete diren honetan, lehentasunezkoa da hizkuntz gatazka konpontzea. Hizkuntz asimilazioaz hitz egitea, euskaldunon hizkuntz eskubideen kalteez hitz egitea eta Euskal Herrian gertatzen den gaztelania eta frantsesaren hedatze sozial izugarriaz hitz egitea.

Egungo hizkuntz politikek ez dute balio Euskal Herri Euskalduna berrezartzeko. Horrenbestez, iritsi da garaia hizkuntza politika berria gauzatzeko. Heldu da ordua euskararen egia esateko, justizia egiteko, memoria berreskuratzeko, aitortzeko, euskararen herria erreparatzeko eta irabazpidean jartzeko.

Mende askotako zapalkuntzak eta erasoek euskararen aldeko motibazioa gutxiagotzea eragin du, euskaldun gehienoi gutxitasun sentimendua barneratzeraino. Ezinbestekoa dugu norberak eta herritar guztiok euskararen aldeko ikuspegia normalizatzea herri gogoa indartzeko. Gure nazio hizkuntza balioan jarriz, Euskaraz bizitzeko garaia dugula aldarrikatu eta praktikan jartzeko garaia dugu hau.

Horrenbestez, ezinbestekoa dugu euskaldunok Euskal Herri osoko gizarte esparru ezberdinetan, geure egunerokotasunean, dagokigun lekua geuk hartzea, inoren baimenaren zain egon gabe. Noiznahi euskarak pairatzen dituen erasoei aurre egiteko erantzunik hoberena, euskaldun guztiok bat eginik, egungo erdal esparru zapaltzailea esparru soziolinguistiko euskalduna bihurtzea da.