Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

1066

Zaindu, maite duzun hori!

Iker Salaberria Urkizu | 2016-07-12 | 17:21:57

Herri txikiak infernu handitzat hartuak izan dira bertan sortzen diren harremanak direla medio. Herritar guztiek elkar ezagutzen dute eta ez dago bizilagunen bizkar ezer askorik egiterik, dena jakiten baita. Ifrentzu horrek badu bere aurkia ordea. Elkar ezagutza horrek elkarrenganako konfiantza, elkarren zaintza partekaturako eta lankidetzarako aukerak areagotzen ditu. Herriko harreman sozialak estutzen ditu eta komunitate trinkoa eratzea ahalbidetzen du, finean.


Herri txiki asko arnasguneak izatea ez da kasualitatea, edo alderantziz ere esanda, arnasguneen artean osasun (soziolinguistiko) onena dutenak herri txikiak izaten jarraitu duten horiek izatea, ez da kasualitatea. Izan ere, azkeneko LUHIko jardunaldietan ikusi genuen, egoera gehien txartu den arnaguneetan, etxebizitzen eta biztanleriaren igoerak lotura estua izan dutela horrekin.


Jakin berri dugu (14. minututik 26.era) Hezkuntza Saila Leintz Gatzagako gela desplazatua ixteko zorian dagoela. Ez omen dago nahikoa ume bertan. Aipatutako jardunaldien lehen edizioan Zeraingo, Zubietako eta beste hainbat lekutako eskola txikien oinarrizko paperaz ohartarazi gintuzten. Lehendik aipatu gisan, komunitatea trinkotze bidean, gurasoen eta belaunaldi berrien artean eskola txikiek jokatzen duten ezinbesteko papera agerian utzi ziguten.


Azken boladan guztiok onartzen dugun moduan, hizkuntza normalizaziorako arnasguneak gune garrantzitsuak badira, euren garapenak baldintza eta baliabide bereziak eskaintzea eskatzen du, trataera berezitua zor zaie.


Kasu honetan, beraz, ez du zentzurik beste herrietan eskatzen diren ratio mailei eustea halako herrietan ikasgela edo eskola txikia zabaldu ahal izateko. Gizon eta emakumeen arteko parekidetasunera bidean neurri positiboak hartu behar diren bezalatsu, arnasguneak sendotzeko eta garatzeko ere neurri positiboak hartu behar dira.


Udal legean bertan jasotakoa da: Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da. Akaso, heldu da hori aplikatu eta neurri zuzentzaileak hartzeko lehen parada.