Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

106

Euskarari eraso, berriro

Joanmari Larrarte | 2012-12-07 | 11:21:36

106

"Eta hemendik aurrera, zer?" zioen Mertxe Mugikak eta, zoritxarrez, berak aipatzen dituen baino berri beltzagoek hartuko dugu ziurrenik egunotan erreleboa. PPk, Espainiako Gobernuaren bidetik sekulako erasoa antolatu du euskararen kontra. Ez zait gustatzen lege proposamena Wert ministroarena dela esatea, ematen baitu norbaiten harrikada dela, eta ez hau Espainiatik datorren eraso ondo antolatutakoa da. Abenduaren 5eko BERRIAn, Gari Goikoetxearen artikuluan argi erakusten zen ez dela erabaki puntuala, urraska egiten doan bidea baizik.


Ez dakit konturatzen garen, baina hau 2003an PPk eta Espainiako Gobernuak Euskaldunon Egunkaria itxiz egindako erasoa baino askoz ere larriagoa da oraingoa, eta hura oso larria izan zen!. Ikastolen sorreratik, euskarazko irakaskuntza zabaldu zenetik, euskararen ezagutzak gora egin du (ez dugu behar beste egin aurrea urteotan guztietan, baina hori beste baterako utziko dugu) eta normalizazio prozesuak daraman bide hori ere, berez motela dena, kolokan jarri nahi dute. Euskal eskoletan lege hori gauzatuko balitz, euskarak atzera egingo luke zalantzarik gabe. Zer hasi behar dugu, berriro eskola saretik kanpo dauden egiturak eratzen euskaraz ikastea bermatzeko?


Izugarria da, baina lege horrek aurrera egiten badu, ez da azkena izango. Behin hortik abiatuta ezta urruti ibiliko lanpostu baterako euskara eskatzea legez kanpokoa izatea, eta ondoren? Soka horrek ez du bukaerarik desagertzera eraman arte.


Egoera larria da eta erantzuna eskatzen du. Ahal dela, erantzun bateratua eman behar dugu. Herri honetan eragile gehienak -demokrazia izpiren bat duen oro eta euskara berezko hizkuntza eta sustatu beharreko ikusten duen oro-, lege proposamenaren kontra agertzen hasi dira, eta gai izan beharko genuke batera erantzuteko. Abia gaitezen, hitz egin dezagun denon artean, lehenik eta behin batera jokatuz lege proposamen hori ez gauzatzeko Euskal Herrian, eta ondoren euskaren normalizazioak behar dituen oinarri sendo eta ukaezinak adosteko eta gauzatzeko.


Neurri batean gure esku dago. Ea gai garen euskaldunok bat egiten badakigula erakusteko.