Edukira joan

Publizitatea

Kolaboratzaileak

103

Eta hemendik aurrera, zer?

Mertxe Mugika | 2012-12-04 | 17:51:47

103

Joan diren egunak egun mugituak izan dira euskaltzaleontzat. Hasteko, azaroaren 24an Euskararen Legeak 30 urte bete zituen, balorazioak egiteko eguna. Batzuentzat euskarak asko aurreratu du; beste batzuentzat, aldiz, ez hainbeste. Iritziak iritzi, legea bera errebisatzeko unea heldu delakoan nago.

Abenduaren 1ean, Donostiako kaleetan ozen entzun zen “euskaraz bizi nahi dut” aldarria. Euskal jendarteak argi utzi du, berriro ere, zein den bere nahia. Orain, euskaraz bizitzea posible izan dadin hartu behar diren erabakiak hartzeko unea heldu zaio dagokionari.

Abenduaren 3an, Euskararen eguna, ospakizun eguna toki askotan. Batzuetan, egun honetan omentzen dira euskararen alde lan egin duten pertsona edota erakundeak. Niri neuri deigarria iruditu zitzaidan Bilbo Udalak aurten Euskaltegiak omentzeko hartutako erabakia. Ez dut nik esango euskaltegiok horrelako omenaldirik merezi ez dugunik, baina, esker ona adierazteaz gain, gure lana behar bezala egiteko baliabideak ematea eta ikasleak diruz laguntzea ez legokeela txarto esan nahi nieke Bilboko arduradunei (eta beste guztiei). Izan ere, ondo egindako lan bategatik jasotako errekonozimendua izan da, baina euskaltegiok zerbait gehiago merezi dugulakoan nago.

Bihartik aurrera, berriz, Durangoko Azokak hartuko du erreleboa, lau egunetan zehar euskal kultura izango da hizpide komunikabide guztietan. Eta hortik aurrera, zer? Bada, nahiko nuke hortik aurrera ere euskarak egunotan izan duen oihartzuna izaten jarraitzea. Euskaraz bizi ahal izateko bi gako nagusi daude, euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta espazioak irabaztea. Hori horrela izan dadin neurri ausartak hartzen badira, datorren urtean, sasoi honetan, bestelako irakurketak egiten hasita egongo gara. Hala izango ahal da!