Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

Euskalgintzaren erronkak aztertzeko saioa antolatu du Eusko Ikaskuntzak

Gasteizen egingo dute mintegia, ostiralean. Ondorioak aurkeztu dituzte erakundearen mendeurreneko kongresuan, azaroaren 23an
Eusko Ikaskuntzaren kongresuaren aurkezpena, maiatzean.
Eusko Ikaskuntzaren kongresuaren aurkezpena, maiatzean. A. CANELLADA / FOKU

2018-10-13 / Erredakzioa

Euskararen eta euskalgintzaren etorkizuneko erronkak aztertzeko, mintegi bat antolatu du Eusko Ikaskuntzak ostiral honetarako. Vital Kutxaren egoitzako Salburua eraikinean egingo dute, 08:45etik aurrera. Euskalgintzarekin loturiko hainbat eragilek —instituzioetakoak, unibertsitateetakoak, gizarte eragileetakoak...— parte hartuko dute, hitzaldi eta mahai inguruetan. Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena dela-eta erakunde horrek egingo duen XVIII. Kongresura begira Euskal Herriko hiriburuetan egiten ari den mintegietako bat izango da Gasteizkoa.

Antolatzaileek azaldu dutenez, saioaren helburua da ┬źdatozen hamarkadetako euskalgintzaren aro berria konfiguratzen laguntzea┬╗. Talde eragileak jada hiru saio egin ditu, 60-80 lagunekin batera. Aurrenekoan aztertu dituzte euskal komunitatearen ezaugarriak; bigarrenean, 2040. urtera begira euskalgintzaren jokaleku posibleak zeintzuk izan daitezkeen; eta, hirugarrenean, horietara iristeko bide orri posibleak irudikatu dituzte. Ideia horiek partekatzea eta osatzea izango du xede ostiraleko mintegiak.

Iruñean, gizarte kohesioaz

Prozesu guztiaren ondorioak azaroaren 23an aurkeztuko dituzte, Eusko Ikaskuntzak Oñatin (Gipuzkoan) egingo duen kongresuan. Euskararekin loturikoez gain, beste hiru arlotan landutakoak aurkeztuko dituzte han.

Baionan abiatu zuten bidea, urriaren 5ean. Urriaren 26an, Iruñean, gizarte aniztasunari eta kohesioari buruzko saioa egingo dute. Azaroaren 9an, Bilbon, garapen sozioekonomikoari buruzkoa. Eta azaroaren 16an, Donostian, gobernantza demokratikoaz arituko dira.

Publizitatea