Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

UDAKO SERIEA. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (III). Gipuzkoa. IRITZIA

Bost urte barru

 

2017-07-20 / Belen Uranga - Soziolinguistika Klusterreko teknikaria

Esan daiteke hizkuntza batean hitz egiteko hautua hiru baldintza-multzoren konbinazioan dagoela: gaitasuna, aukerak eta motibazioa.



Gipuzkoa da euskararen potentzialitate handiena duen lurraldea: populazioaren erdia euskalduna da (haur eta gazteen artean 10etik gutxienez 8), erabiltzeko aukeren eta motibazioaren ikuspegitik eremu sendoena da. Horren isla da kaleko erabileraren bilakaera, gutxienez 2011 arte. Egungo datuek, ordea, beheranzko joera erakutsi dute. Ezkortasunean erori gabe, arreta bereziarekin hartu behar dira. Norabide-aldaketa da kezka-iturri nagusia. Joera hori berriro aldatzeko indar handiagoz eragin beharko da.



Zer gertatzen ari da? Gipuzkoa, beste lurraldeak bezala, oso heterogeneoa da. Euskaldun dentsitate txikieneko populazio handi samarreko Irun edo Errenteria moduko udalerriekin batera, %95eko euskaldun portzentajea duten udalerri (batez ere) txiki ugari du. Tartean, populazio ertaineko udalerri oso euskaldunak: Azpeitia, Zarautz edo Tolosa. Ez da denean bilakaera bera gertatu. Beharrezkoa da ezaugarri soziolinguistikoei egokitutako azterketak, interpretazioak eta plangintzak eztabaidatzea, norabide bakarreko ondorioak saihestuz.



Gaitasunaren aldetik bada zer landua. Azken bost urteotan, apenas gehitu den euskaldunen ehunekoa. Baina udalerri euskaldunenetan gaitasun hori nabarmen behera doa. Ematen du zer pentsatua.



Gainera, Gipuzkoako euskaldunen ia herenak hobeto moldatzen dira gaztelaniaz, beraz, ahalegin berezia egin behar dute euskaraz aritzeko, eta behar dute ingurune euskaldun trinkoa eta motibazio esplizitua. Euskara etxetik kanpo ikasi dutenak Gipuzkoan populazioaren %10 dira (gazteen artean, gehiago). Baina etxean ikasteak ere ez du beti ziurtatzen euskaraz gaztelaniaz bezain ondo moldatzea. Komeniko da hizkeraren ñabarduretan, adierazkortasunean, trebezietan arreta jartzea. Nolanahi ere, ez legoke gaizki helduen euskalduntze-alfabetatzean fokua jartzea. Ziur asko, horren aldeko mugimendu instituzional eta sozialak eragina izango luke erabiltzeko aukeretan eta motibazio kolektiboan.



Erabiltzeko aukeretan asko aurreratu da. Begi bistara ekarri behar da ahalegin administratibo eta soziala. Baina gizarteak aldaketa sakon eta azkarrak bizi ditu. Horietan zein leku du euskarak? Zein esparrutan hazi da euskara erabiltzeko aukera azken 5 urteotan? Erantzunak aztertzea komeniko litzateke. Gabezietan aldaketa esanguratsurik ezean, ez da erraza irudikatzea gero eta zabalagoak diren hizkuntza-aukeren artean euskarari era esanguratsuan eustea.



Aipa dezagun hirugarren baldintza-multzoa: motibazioa. Mingarria izan arren, planteatu al daiteke euskaraz hitz egiteko motibazioetan gipuzkoarrok behera egin dugula? Ez dago bide bakarreko erantzunik. Euskaldunen euskararekiko harremana ez da bat eta bakarra; erabilera ez da bat eta bakarra. Ez da aski identitateari begiratzea edo balio ekonomikoak aipatzea. Identitate-moduak aldatuz doaz. Onartu beharko da gizartearen aldaketa sakonaren aurrean batzuen eta besteen sentimenduek lekua izan behar dutela. Baina, akaso, gizarteko hizkuntza euskara bilaka dadin, ez da alferreko lana norbanakotik motibazio kolektibo konplexu eta esanguratsu baten (edo batzuen) bila hastea. Ez da baztertu behar kaleko erabileran iraulia gertatu zenean (XX. mende amaieran) borondate kolektiboak izan zuen pisua. Ez da garai berdina. Baina aukera dago lurralde edo herri gisa globalizazio uniformizatzailearen aurrean modernotasuna, konplexutasuna eta iraunkortasuna uztartuz, hizkuntza propioa berritzeko ideia indartzeko.



Horretarako Gipuzkoak zeregin berezia duela dirudi. Batetik, berebiziko garrantzia izan dezake Donostiak, euskara sendoago hiritartzeko erronka duelako. Bestetik, eskualdeetako udalerri euskaldunek badute zonaldearen sustatzaile izateko indar nahikoa, eta arnasguneetan ezinbestekoak izango dira zaintza, aktibazio eta plangintza propioak. Ziur asko, epe laburrean, erabileraren beheranzko joerari aurre egiteko ezinbestekoa izango da gaitasunean, erabiltzeko aukeretan eta motibazioan kualitatiboki eragitea: maila pertsonaleko motibaziotik, nahi kolektibo zabal baten aktibaziora.