Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

Eskolatik kanpo ez dadin mingaina herdoil

Eremu soziolinguistiko ezberdinetako 30 nerabe elkartu dituzte Mingaina Dantzan udalekuetan, haien hizkuntza portaerak ikertzeko. Euskararen erabilera sustatzeko tresnak izan dituzte aztergai.
Mundakan antolatu dituzte udalekuak, uztailaren 3tik gaur arte.
Mundakan antolatu dituzte udalekuak, uztailaren 3tik gaur arte. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS
Pena daukat etxera joan behar dudalako, eta ez dudalako inor izango euskaraz hitz egiteko». Itsasok 14 urte ditu, Barakaldokoa da (Bizkaia), eta Mingaina Dantzan udalekuetan igaro ditu azken hamar egunak, Mundakan (Bizkaia). Gaur amaituko zaio egonaldia: «Barakaldora joango naiz egun batzuk, eta gero Zamorara, nire gurasoen herrira». Udalekuak amaitu, eta euskaraz hitz egiteko aukera ere amaituko zaio, eskolara bueltatu arte: «Bueno, eskolan ere irakasleekin bakarrik egiten dut euskaraz; klasekideekin, ez».

Baina lagun berriak egin eta «ederto» pasatzeaz gain, Itsaso ikerketa soziolinguistiko baten protagonista izan da, udalekuetan izandako beste 30 nerabeekin batera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritako gazteak elkartu dituzte Mundakan, eta hizkuntzarekin lotutako dinamikak antolatu dituzte, beren hizkuntza portaera aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzak bultzatu du egitasmo pilotua, Uema eta Eudelekin batera, eta ikerketaren helburua honako hau da: euskararen erabilera sustatzeko tresnak eraginkorrak diren ala ez egiaztatzea.

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek bisita egin zuen atzo udalekuetara, proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Azaldu zuenez, erabilera bultzatzea da proiektuaren asmo nagusia: «Hainbat hiztun eremu soziolinguistiko euskaldunetan bizi dira, baina beste askok ez dute euskara etxean jaso, eta beren inguruan nahi baino aukera gutxiago dituzte euskara erabili ahal izateko». Ikerketarako, Gasteiz, Barakaldo, Gernika (Bizkaia), Azpeitia, Oiartzun eta Zumaiako (Gipuzkoa) gaztetxoak elkartu dituzte.

«Ez da barnetegi bat»

Leticia Sanchez 24 urteko eibartarra arduratu da udalekuak koordinatzeaz. «Oso pozik» agertu da izan duten bilakaerarekin: «Oso harreman ona izan dute gazteek euren artean. Eremu ez euskaldunetako nerabe batzuek lotsa izan dute hasieran, euren euskara mailagatik, baina egunez egun gainditu dute». Sanchezen ustez, esperientzia «aberasgarria» izan da nerabe guztientzat; baita egunero euskaraz bizi diren gazteentzat ere, «beste errealitate batzuk badirela ikusi dutelako».

Azterlanaren emaitzak oraindik zabaldu ez badituzte ere, baikor agertu dira ikerketa egiteaz arduratu diren Ebete enpresako kideak. Bertako arduradun Iñaki Eizmendik azaldu duenez, «baliabide batzuk lehenengoz garatu ditugu, eta emaitza oso positiboak izaten ari dira; ateratzen ditugun ondorioak oso baliagarriak izango dira etorkizunean».

Aitortu duenez, euskararen erabilera udalekuetan ez da erabatekoa izan, baina, halere, «oso altua» izan da. «Ez da barnetegi bat izan. Nahi genuen gazteek bizipen positiboak izatea euskararekin». Horregatik, hizkuntza erabiltzea ezinbestekotzat duten jarduerak antolatu dituzten arren, udalekuetako jarduera gehienak aisialdiarekin lotu dituzte.

Publizitatea