Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

VI. inkesta soziolinguistikoa. Euskal Herria. ANALISIA

Koadroak, pixelak

 

2017-07-06 / Garikoitz Goikoetxea

Aurrerapausoak baieztatu ditu inkesta soziolinguistikoak, eta ezintasunak ere bai. Ezusteko gutxi. Euskararen ezagutza gorantz ari da Euskal Herrian, batez ere gazteen eraginez. Eta uste izatekoa da hala segituko duela datozen urteetan ere, belaunaldi berrien ezagutza datuak ikusita —kontuan izatekoa da 16 urtetik gorakoak hartzen dituztela inkestarako—. Erabileran, ordea, ez da egiturazko mugimendurik sumatzen. Batez ere esparru formaleko erabilerak egin du gora urteotan, baina eremu hurbilean ez dago berritasun nabarmenik; areago, etxeko erabilera geldituta dago, 1991ko maila berean. Aldeak daude, noski, Euskal Herriko eremu batzuetatik besteetara, baina joera orokorra zein den erakusten dute datuek.

Gazteen eskutik dator aurrerabidea euskarara, eta datuek erakutsi dute iraulketa bat. Duela 25 urte adinekoena zen belaunaldi euskaldunena: haien artean zegoen euskaldun gehien, eta erabilera handiena ere bai. Orain, aldiz, gazteetan dago euskaldunen portzentajerik handiena, eta erabilerarena ere bai. Baina ñabardurak daude, orain 25 urteko egoera eta oraingoa ez baitira bat.

Gazte euskaldun gehiago daude, bai, baina bestelako baldintza batzuetan eskuratu dute euskara. Gehienek eskolan ikasi dute, bigarren hizkuntza gisa. Gehienek gaitasun mugatua dute: errazago egiten dute erdaraz. Gehienek ez dute euskaraz egiteko aukerarik eskolatik kanpo: inguru hurbila erdalduna dute, etxetik hasita. Eta, testuinguru horretan, ohiturarik ez dute euskaraz jarduteko. Bai, zenbakiei begiratuta, oraingo (gazte) elebidunek gutxiago egiten dute euskaraz. Baina testuingurua aintzat hartu behar da.

Erabilerari buruzko kezka zabaldua da azkenaldian. Inkestak baieztatu egin du geldialdia sumatzen dela: aurreko neurketatik 0,4 puntu handitu da erabilera orokorra; 1991tik, hiru puntu eskas. Leku batzuetan behera, beste batzuetan gora, baina geldialdi zantzuak. Bistan dago beste pauso batzuk emateko premia.

Beste egoera bat zabaltzen ari da: euskaldunen soslaiaren aldaketa —adina eta bizilekua, adibidez—, euskararen beraren egoera, Euskal Herrian eta munduan izan diren aldaketa soziopolitikoak...

Koadro orokorrari heltzea eskatzen du horrek: bultzada berri baterako oinarriak ezartzea. Bide horretarako pausoa da astelehenean Euskal Herriko hiru administrazio eremuek izenpetutako lankidetza ituna —Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak—. Euskalgintzaren eta erakundeen artean ere badira adostu beharrekoak; mahai gainean dago, adibidez, helduen euskalduntzearen doakotasunaren gaia. Gazteen gain ezin baita utzi euskara biziberritzearen zama osoa.

Koadro orokorraz gain, pixeletara joatea ere eskatzen du egoerak: toki bakoitzeko joerei erreparatzea, eta lekuan-lekuan eragitea. Euskaldunen portzentajea jaisten ari da leku batzuetan, eta igotzen besteetan; arnasguneak ahultzen ari dira, eta zona erdaldunagoetan, euskara indartzen. Ez dute errezeta berberek balio.

Eta koadroko markoaren bazterrera ere begiratu beharko da. Hizkuntzaren osasunean eragina duten beste faktore batzuk kontuan hartu. Lista egiten hasteko: jaiotza tasa apala —euskal hiztunen kopurua gehiago handitzeko oztopoa—, presio demografikoa —Iparraldean eragin nabarmena du— eta hirigintza —arnasguneetan ondorio handiak sortu ditu—.

Publizitatea