Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

Euskarari buruz itun bat egingo dute Jaurlaritzak, Nafarroak eta elkargoak

Elkarlan ildo batzuk ezarriko dituzte hiru administrazioek hitzarmenaren bidez, orain arteko lankidetza areagotzeko. Aldaketa garaia dela nabarmendu dute hiru erakundeek: erabileran ikusten dute giltza
Erakundeetako arduradunak eta atzoko jardunaldian hizlari aritu zirenak, Sabino Arana fundazioko eta Euskaltzaindiko ordezkariekin.
Erakundeetako arduradunak eta atzoko jardunaldian hizlari aritu zirenak, Sabino Arana fundazioko eta Euskaltzaindiko ordezkariekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-06-15 / Garikoitz Goikoetxea

Hizkuntza politikari buruzko itun bat sinatuko dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak. Euskara sustatzeari buruzko ildoak jasoko ditu akordioak, eta euskararen egoeraren inguruko ikerketak ere bai. Egia da lehenago ere badirela halako itunak, baina baditu bi berritasun oraingo akordioak: batetik, Euskal Herri osoa hartzea —orain arte, Jaurlaritzak eta Nafarroak zuten itun bat, eta bestea, Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak—; bestetik, euskararen ikerketaz haragoko lan ildoak jasoko ditu hitzarmenak, eta, besteak beste, gazteen esparruan lan egitea jasoko dute. Buruan daukate, adibidez, Euskal Herriko eremu desberdinetako gazteekin truke programak egitea. Datozen asteetan onartuko dute akordioa.

Hizkuntza politikari buruzko jardunaldi bat egin zuten atzo Bilbon, eta han izan ziren hiru erakundeetako arduradunak. Itunaren berri han eman zuten. Sabino Arana fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatu zuten lan saioa, goiburu honekin: Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politika. Erakundeen jarduna izan zuten ardatz, baina lankidetzaren premia maiz nabarmendu zuten.

Ziklo aldaketaren ideiak pisua hartu du euskalgintzaren arloan, eta atzo maiz aipatu zuten hori. «Momentu kritikoan gaude, aurrerapausoak eskatzen dituen une batean», adierazi zuen, adibidez, Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuak. «Abiapuntu berria behar du hizkuntza politikak: erabilerari begira egon behar du». Elkarlanaren alde egin zuen: «Mundua ez da erakundeetan bukatzen».

Miren Dobaran sailburuordeak ere nabarmendu zituen gisa horretako ideiak. Gazteei buruz aritu zen batik bat. Batetik, haien artean hedatutako uste okerren harira: «Kontzientzia linguistikoa zabaldu behar da, baina ez euskara altxorra dela eta horrelakoekin, datuetan oinarritutako pedagogiarekin baizik». Bestetik, erakundeen jardunaren inguruan: hezkuntzan erabilera lehenestea aipatu zuen, eta udalekuen gaiari ere heldu zion. «Ezin ditugu udalekuak antolatu orain arte bezala, jakinik umeak erdara hutsean dabiltzala, baita hezitzaileekin ere».

Aurtengo udan proiektu pilotu bat egingo dute udalekuetan leku desberdinetako umeak nahasteko. Arnasgune batzuetako umeak izango dira tartean. Arnasguneen garrantziaz ere aritu zen Dobaran: «Beste gune guztiak hazteko, behar-beharrezkoak dira». Azaldu zuen lankidetza «estutu» dutela Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin. Uste du arnasguneei ez zaiela nahiko pisu eman.

Irakasle eskasia

Aldaketa garaian da euskara, eta esparru politikoa ere bai. Euskal Elkargoaren sorrerarekin, egitura instituzionala du Ipar Euskal Herriak. «Momentu historikoa da tokiko hizkuntza politikarako», adierazi zuen EEPko presidente Mathieu Bergek. «Baina estatuari ere eskatu behar diogu hizkuntza politika abiarazteko, bestela muga batzuetara helduko baikara».

Hezkuntzaren bidez ari da euskara pausoak ematen Ipar Euskal Herrian, baina Bergek azaldu du trabak dituztela. Euskal adarretatik erdarazkoetara joaten da ikasle sail bat; kezka dute hizkuntza gaitasunarekin ere. Euskarazko irakasle faltarekin ere badira arazoak: postuak baino gutxiago dira. Hegoaldeko hogei irakasle frantsesa ikasten hasi dira, eta Iparraldeko beste hogei hasi dira Hegoaldean karrera euskaraz egiten.

Horrelako lankidetza ildoak indartu egin nahi dituzte hiru administrazioen arteko hitzarmenaren bitartez. Josune Zabalak, Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, adierazi du hizkuntza politika elkarrekin «eraikitzea» dutela helburu, jakinik leku batetik bestera aldeak daudela. Lau ildo. Bat, heziketa: euskara irakasteko metodoak, helduen euskalduntzean koordinazio handiagoa eta ziurtagiriak bateratzea. Bi, erabilera: aisiarekin lotutako ekintzak, eremu digitala eta arlo sozioekonomikoa. Hiru, «gogoeta guneak» sortzea. Eta lau, ikerketa: Euskararen Adierazle Sistema elkarrekin garatzen ari dira hiru aldeak.

Informazio osagarria

Publizitatea