Edukira joan

Publizitatea

Hemeroteka

Irati Agirreazkuenaga. EHUko irakaslea

«Herri Irratiaren eskola funtsezkoa izan zen Euskadi Irratia sortzeko»

'Euskarazko irrati kazetarien hitza eta hotsa garai zailetan: 1956-1976' liburuan, frankismo garaiko euskarazko irratigintza aztertu du Agirreazkuenagak. Herri Irratiak jokatu zuen rola nabarmendu du.

2017-06-11 / Urtzi Urkizu

Nazioarteko doktore tesian Euskadi Irratiaren eta BBCko Radio nan Gaidheal irrati gaelikoaren kazetarien profil eta jarreren alderaketa egin zuen Irati Agirreazkuenagak (Bilbo, 1986). EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean irakaslea da.

Loiolako Herri Irratiak nolako garrantzia izan zuen euskarazko irratigintzaren zabalpenean frankismo garaian?

Loiolako Herri Irratia garrantzitsua izan zen, harekin hasi zelako euskarazko irratigintza gaur egunean ezagutzen dugun moduan. Loiolan irrati kultura bat sortu zen. Liburuan, irrati kultura hori aztertzen dut. Euskara irratiko lengoaiara egokitzeko eran eta hizkuntza sortzeko eran aitzindariak izan ziren Loiolako esatariak. Programazio jeneralista bat sortu zuten, gainera.

Bi aldi berezitu izan zituen irratiak, ezta?

Bai, lehena 1961etik 1965era izan zen. Bigarrenean, 1966tik aurrerakoan, landu zen bereziki orotariko programazioa. Azterketarako motibazioetako bat izan da Siadecok 1969an egindako inkesta batzuen emaitza. Herri Irratia irrati elebiduna izan arren, irrati euskalduntzat hartzen zuten entzuleek. Horren arrazoietako bat da euskaraz egunero egiten zuen hedabide bakarra zela, eta gai askoren inguruan aritzen zela euskaraz.

Nolako formatuak lantzen zituzten Loiolako Herri Irratian?

Zorion agurren emanaldiak zeuden, musika saioak —adibidez, Kantu giro programa—, bertsolaritza txapelketak hasi ziren ematen, eta bertan egin zen Ez Dok Amairuren inguruko zabalpena. Bestelako programak ere egiten zituzten, adibidez, tokiko albisteak ematen zituztenak. Informazio erabilgarria ematen zuten herritarrentzat.

Donostiako Herri Irratia eta Loiolako Herri Irratia batu egin ziren 1970eko hamarkadaren hasieran. Zer eragin izan zuen?

Indartu egin ziren. Esate baterako, hainbat kronikari zituzten herrietan, eta herrietako berriak beste mota bateko edukiekin batera ematen zituzten.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuen Loiolako Herri Irratia komunikabide komunitariotzat jo behar dela, herritarren laguntza zelako gakoetako bat. Nolakoa zen komunitatearen laguntza?

Eskozian gaelikozko irratia aztertu nuenean, komunitatearen irratiaz asko hitz egiten zuten, eta berehala Loiolako Herri Irratia etorri zitzaidan burura. Bi ardatzetan gorpuzten da irrati komunitarioaren euskal moldea: herritarren partaidetza zuzena edukiei dagokienez, eta, bestetik, finantzaketaren partaidetza. 1965ean Loiolako Herri Irratia itxi zutenean, bazkideei esker zabaldu zuten gero, 1966an. 5.000 familia prest azaldu ziren hilean 25 pezeta ordaintzeko.

Euskadi Irratiaren sorreran zer garrantzia izan zuten Loiolako eta Donostiako Herri Irratiak?

Liburua 1976ko 24 Orduak Euskaraz jaialdiarekin amaitzen dut. Garrantzitsua izan zen hura, lehen aldiz euskarak plaza publikora jauzi egin zuelako. Jose Ramon Belokik kontatu zidan Eusko Jaurlaritzaren eztabaidetan argi zutela euskara hutsezko irrati bat behar zela —horregatik, 1982an sortu zuten—. Ez zen zalantzarik izan, bazegoelako hizkera bat irratia euskaraz egiteko. Kirolaz eta beste gai batzuez aritzeko terminologia landua zegoen Herri Irratian. Gainera, esatari trebatuak zeuden. Jose Mari Oterminek kontatu zidan Euskadi Irratirako hautaprobak egin zituztenean, Herri Irratian aritzeko moldea zutela hautagaiek. Beraz, Herri Irratiaren eskola funtsezkoa izan zen Euskadi Irratirako, bestela zaila izango zen 24 orduz euskaraz ariko zen irrati bat sortzea.

Nola ikusten duzu gaur egun euskarazko irratigintza?

Itxaropena dago. Irratia berez ez dago hilda, eta euskarazko irratigintza piztuta dagoen espazioa da. Nire ikasleengan ere ikusten dut batzuek irratia dutela helburu. Harrobi horrek izan dezake espazio bat lan merkatuan, Euskal Herri osoan badaudelako euskarazko irratiak.

Publizitatea