Edukira joan

Publizitatea

Elkarrizketak

Zientzia euskaraz gizarteratzen ibili direnen jardunak goraipatu dituzte

Kazetaritzaren arloko CAF-Elhuyar saria jaso du Amaia Portugalek BERRIAn taxututako lan bati esker. Estitxu Villamor, Ostaizka Aizpurua eta Gorka Azkuneren lanei ere egin diete aitorpena
CAF-Elhuyar sarien irabazleak, atzo, Zarauzko Photomuseumen eginiko ekitaldia amaitu berritan.
CAF-Elhuyar sarien irabazleak, atzo, Zarauzko Photomuseumen eginiko ekitaldia amaitu berritan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2015-05-15 / Oihan Vitoria

Zientziaren alde euskaraz eginiko lanak, eta euskararen bidez bestelako gaiak gizarteratzeko ahaleginei argia eman diete aurten ere CAF-Elhuyar sarietan. Zientziaren eta teknologiaren euskarazko dibulgazioan buru-belarri ari direnen proiektuei egin diete aitortza: Amaia Portugal, Gorka Azkune, Ostaizka Aizpurua eta Estitxu Villamorrek lortu dute oroigarria.

Atzo banatu zituzten sariak Zarautzen (Gipuzkoa). Joan den urtean aipamen berezia lortu ondoren, zientzia kazetaritzari dagokiona jaso du aurten Portugalek, legamiaren kromosoma bati buruz BERRIAn idatzitako Minimalismoa laborategian erreportajearengatik. Epaimahaiaren irudiko, «izenburutik hasita» lan «aproposa» egin du Portugalek: «Aukeratutako gaia berez da erakargarria, baina oso teknikoa ere bai. Kontuan hartzekoa da hiztegi bat gehitu izana irakurleari laguntzeko asmoz. Kazetaritzaren irizpide guzti-guztiak bete ditu, oro har». Iturrien «aberastasunari» ere azpimarra berezia egin nahi izan dio epaimahaiak. Zergatik? «Artikuluan aipu ugari txertatu baititu». Pozik eskuratu du oroigarria, eta saria eskertzean, irismenaz mintzatu da: «Aleek ez dute neurtzen euskalgintzak egiten duen lana».

Dibulgazio orokorreko artikuluen saria erdietsi du, berriz, Gorka Azkune azpeitiarrak; hirugarrena du jarraian. Garun txiki birtualak artikuluan, neurona sare artifizialez irakasteko estrategian jarri du arreta, eta hautua eskertu du epaimahaiak: «Gaurkotasun handiko gaia landu du. Iturri propioek balio erantsia eman diote». Adibideetan bete-betean asmatu duela iritzi dio epaimahaiak, eta nabarmendu du «agerikoa» dela haren «ikertzaile sena». DeustoTech-en ari da orain ikertzaile, eta lehen saria jaso du ogibidearekin lotuta. Horrek poztu du: «Oraino fisikari buruzko lanengatik saritu banaute ere, informatikari naiz».

Saguzar hatz-luzeen arrantza portaerari buruzkoa da doktore tesien alorrean saritutako lana. Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa du goiburu, eta Ostaizka Aizpuruak egina da. Gaia «erakargarria» izanagatik, errazkeriatan erori ez izana txalotu du epaimahaiak. Bikaina iruditu zaio: «Egileak gaiarekiko duen grina transmititzen du, eta tesiaren garapena ezin hobeto islatzen da». Alor berean, CIC Nanoguneko Estitxu Villamor gasteiztarrari egin diote aipamen berezia, spintronika bezalako gai tekniko bat modu ulergarri eta erakargarrian azaldu duelakoan. Merezimendu saria Julian Bereziartua medikuari eman diote, medikuntzan euskara normalizatzen egindako lanari esker. Zientzia Gizartean sorkuntza beka, hala ere, eman gabe lagatzea erabaki du epaimahaiak.

Informazio osagarria

Publizitatea