Edukira joan

Publizitatea

Elkarrizketak

Iñaki Lasa. Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna

«Aldaketarik gabe, ezin dugu gure hizkuntza normalizatu»

Euskaltzaleen topagune izanen da bihar Iruñeko Anaitasuna kiroldegia. Pabiloia betetzera deitu ditu Kontseiluak herritarrak. Eskerrak eman nahi dizkie, bai eta herri gogoa sendotu ere.

2015-04-24 / Edurne Elizondo

Euskarak ere aldaketa behar du Nafarroan, eta ideia hori irudikatzeko ekitaldia prestatu du Kontseiluak biharko. Horixe nabarmendu du ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasak (Iruñea, 1963). Istorioak kontatu nahi dituztela erran du. Euskalgintza elikatu.

Dena prest al da biharko?

Egin behar genuena eginda dago. Gainera, kanpaina ona izan dela uste dugu, aukera eman digulako hitz egiteko. Kontatzeko beste hizkuntza politika baten beharra dagoela. Eta orain arte herritarrak izan direla protagonista. Bi ideia nagusi horiek zabaltzeko aukera izan dugu, eta horrek pozten gaitu.

Ekitaldiari buruz, nabarmendu duzue ikuskizun emozionala izanen dela, metaforikoa. Zein da helburua?

Nahi ditugu istorioak kontatu. Maiz izan gara manifestazioetan, eta maiz kontatu behar izan ditugu hamaika gauza gris. Iruditzen zaigu orain momentua dela istorioak kontatzeko. Kostata, baina euskarak aurrera egin du Nafarroan, eta hizkuntzak egindako bide horretan, jendearen hamaika istorio bada. Egunero egon da jendea bere seme-alabak hartu eta beste herri batera eramaten, euskaraz ikas dezaten; egunero egon da jendea euskaltegietan, ikasten eta irakasten; egunero egon da jendea proiektuak eraikitzen. Jende anonimo horrek mila istorio ditu, eta denen batuketari esker egin du aurrera euskarak. Errealitate hori ezkutuan gelditzen da, askotan. Eta istorio horiek kontatu nahi ditugu guk Anaitasunan. Bizirik irauteko gogoa dago horien guztien atzean.

Gogo hori irudikatu nahi duzue, nolabait?

Bai, eta, aldi berean, gogo hori elikatu. Anaitasunari eskatzen diogu energia positiboa. Indarra, aurrera segitzeko. Gu gara protagonista, gu gara hizkuntza. Guk egiten dugu hizkuntza, eta gure esku dago. Istorio horiek kontatzeko beharra dugu.

Istorio horien bidez lor daiteke euskarari bizkarra emanez bizi direnen jarrera eta iritzia aldatzea?

Herritar multzo handi batek ez badu bere barnean sentitzen euskara berea dela, merezi duela, borrokatu egin behar duela, beste gizarte batekin amesten duen herritar talde sendo bat ez badago, aldaketa hori ezinezkoa da. Eragin kolektibo handi bat behar dugu. Horrek ematen die protagonismoa ezinbestean herritarrei. Ohituta gaude gure kontrako politikekin; ohituta gu makurrarazteko saioekin. Horren kontrako txertoa da konturatzea atzean kolektibo bat badela, zuk sentitzen duzun gauza bera sentitzen duen beste jendea badela. Eta norabide berean bultza egitea. Hori da aldaketa. Aldaketa ez da matematika kontua; aldaketa da ahalduntzea. Zapalkuntzari aurre egiteko borondatea barneratzen dugunean, Euskaraz bizi nahi dut hori gure egiten dugunean, orduan etorriko da aldaketa. Eta hori elikatu egin behar da. Anaitasunako ekitaldiaren asmoa hori da.

Euskararen aurkako hamaika eraso izan dira azken urteotan, eta herritarrek eman dute erantzuna. Herri gogo horren egungo egoera zein da, zure ustez?

Aldaketarako gogoa badela uste dut. Eta momentuak baldintzatu egiten duela Anaitasunako ekitaldia. Anaitasunako ekitaldiak, halaber, momentua baldintzatu nahi du. Inoiz baino gertuago ikusten da aldaketa hori, aldaketa nahia ez delako sortzen soilik hizkuntzaren alorretik; ekonomiaren, ingurumenaren arlotik ere bada aldaketarako gogoa. Jendeak argi du gizartea antolatzeko beste modu bat behar dela.

Euskalgintzak zer du errateko aldaketa prozesu horretan?

Euskalgintzari, oro har, kosta egin zaio prozesu politikoetan esku hartzea. Baina, oraingoan, ez genuen beste aukerarik; aldaketa kontzeptuari gure ekarpena egin behar genion. Aldaketarik gabe, ezin dugu gure hizkuntza normalizatu. Orain arteko sistemarekin ez dugu etorkizunerako aukerarik. Beraz, parte hartzea ezinbestekoa da. Aldaketa dator herritarrek ikusten dutenean aldaketa behar dutela. Azalduko dugu aldaketa zer den.

Zer da aldaketa, hizkuntza politikaren arloan?

Normalizazio prozesu batek lau zutabe nagusi ditu: behar dugu, batetik, arkitektura juridiko egokia. Gaur egun, euskararen legeak ez du hori ahalbidetzen, eta, ondorioz, aldatu beharra dago. Bestalde, plangintza behar du hizkuntza politikak, eta Nafarroan horrelakorik ez dugu izan. Hirugarrenik, orain ez ditugun bitartekoak behar ditugu. Eta, azkenik, behar dugu herri gogoa. Azken zutabe hori gure esku dugu, eta eginen dugu lan sendotzeko. Beste zutabeak arlo politikoan eta instituzionalean kokatzen dira, eta, hor, eragin besterik ezin dugu egin. Hori ere bada gure asmoa.

Lau zutabe horietatik, hiruk huts egiten dute.

Bai, eta nabarmen. Normalizazio prozesua baldintzatzeko nahikoa da batek huts egitea. Eta, hemen, hiruk egiten dute. Horretaz ohartarazi nahi dugu jendea. Anaitasunako ekitaldia ez da mitina izango, baina jendeak jakin behar du non jokatzen dugun etorkizuna, eta aldaketa zer den.

Nola lor daiteke bertze hiru zutabe horietan eragitea?

Denon lana da. Gu gara herri mugimendua, eta guri dagokigu jendea aktibatzea. Ahalduntzea. Erakustea nola egin behar den hizkuntza politika egoki bat.

Esparru juridikoan, euskararen legea aldatu zen, berriki, baina gobernuak erakutsi du ez duela borondaterik aldaketa hori gauzatzeko. Zer deritzozu?

Ez gaitu harritzen horrek. Estatuak urte luzez egin duen politikaren ondorio da orain bizitzen ari garen hau. Hainbat garaitan eragotzi digute gure hizkuntza erabiltzea; baztertu dute. Politika horrek izan ditu laguntzaileak. Orain ere ikusten ari gara. Ez dute ahalbidetu nahi euskararen garapena den ezer. Haien lana da oztopatzea. Baina argi dugu guk bidea eginez sendotu dugun hori, aldi batean edo bestean, onartu egin behar izan dutela.

Aurrera egin bertzerik ez dago, beraz?

Hala da. Haien helburua da euskararen garapena eragoztea. Baina gu gara aldaketaren motorra.

Publizitatea