Edukira joan

Publizitatea

Top 8

Juan Manuel Fangio

Juan Manuel Fangio

Fitxa

Izena: Juan Manuel Fangio

Jaioterria: Balcarce, Argentina (1911-06-24)

Urteak 1 Formulan: 1950 - 1951, 1953 - 1958

Munduko txapelketak: 5 (1951, 1954, 1955, 1956, 1957)

Lasterketak: 52

Garaipenak: 24

Podiumak: 31

Poleak: 29

Itzuli azkarrak: 23

Ezohiko karrera izan zuen Juan Manuel Fangiok. Berandu hasi zen konpetitzen, eta horregatik lasterketa askotan gidari zaharrena zen bera. Baina ez bera bakarrik, izan ere 1 Formula ere oso bestelakoa zen bere garaian. Fangio argentinarrak 1950an sortu zen 1 Formula Munduko Gidarien Txapelketan hartu zuen parte. Lehendik pareko lasterketak baziren ere, urte hartan eman zitzaion gaur egun duen egitura.

Lasterketak bi txandatan korritzen ziren, eta gidariek askoz askatasun gehiagorekin egiten zuten jauzi talde batetik bestera. Halakoxea zen Fangio, eta 1 Formulaz gain, beste lasterketa askotan ere hartu zuen parte. Lehen urtean hiru lasterketa amaitu zituen Alfa Romeorekin, eta hiruak irabazi. Baina Giuseppe Farinaren Alfetta garatuagoa zen, eta hark eraman zuen titulua.

Fangiok hurrengo urtean hartu zuen errebantxa, talde berarekin. Berrogei urte zituen lehen titulua lortu zuenean. Garai hartan inolako babesik gabe korritzen zuten gidariek, kaskoaren ordez larruzko gorro batekin, eta gorputza agerian zutela. Segurtasun eza horrek 1952an eragina izango zuen Fangioren karreran. Araudi aldaketa baten ondorioz, Alfa Romeok ezin zituen bere motore indartsuak erabili, eta Fangio talde bila hasi zen. Berandu arte ez zuen lortu, eta txapelketaz kanpoko lasterketa batean istripua izan zuen, urte osoa galduz. Horregatik, 1952an ez zuen parte hartu 1 Formulan.

Maseratirekin itzuli zen 1 Formulara 1953an, eta emaitza txukunak lortu bazituen ere, bigarren amaitu zuen Alberto Ascari eta haren Ferrari autoaren atzetik. Hurrengo urtean, 1954an, Maseratirekin jarraitu zuen, baina denboraldi erdian Mercedes sartu zen kirolean, eta Fangiok jauzi egin zuen haien autora. Emaitza apartak lortu zituen, txapelketa osatzen zuten zortzi karreratik sei irabazi zituen. Txapelketatik kanpo ere jarraitzen zuen lehiatzen, pareko emaitzekin. Titulua eraman zuen.

Berdin jarraitu zuen 1955ean, Mercedes W196 Monoposto auto historikoa gidatuz. Auto horrek historia egin zuen 1 Formulan, eta harekin batera Fangiok. Bere hirugarren titulua eman zion, baina urte hartan Mercedes kirol automobilismotik erretiratu zen. Le Mans zirkuiton istripu beldurgarria gertatu zen Mercedes autoa ikusleen gainera sutan erori ondoren, eta 80 lagun hil ziren.

Fangiok Ferrari aukeratu zuen 1956ko txapelketan parte hartzeko, Alberto Ascariren tokia hartuz. Istripu batean bizia galdu zuen hark, eta Fangiok haren lekua hartzeaz gain, aurkari bat gutxiago zuen. Laugarren titulua irabazi zuen baina Enzo Ferrarirekin erlazioa ez zen samurra. Izan ere, Fangioren autoak arazoren bat bazuen, taldekidearena hartzen zuen, eta hori hirutan gertatu zen urte hartan. Halakoetan, puntuak bi gidarien artean banatzen ziren, eta horrela ere nahikoa izan zuen titulua irabazteko. Baina ez zuen taldean jarraitu, eta 1957an Maseratirekin itzuli zen.

Bere aurreko taldera itzultzeaz gain, bere lehengo autoa topatu zuen han: 250F modeloa, 1954an erabili zuena. Urtea bikain hasi zuen, baina ondorengo lasterketak ez ziren horren oparoak izan, eta Alemaniako Sari Nagusia erabakigarri bilakatu zen. Bere gidaketa hura maisutasun erakusketatzat gelditu da historian, inoizko lasterketa onena. Berak esana da: “Ez dut inoiz horren azkar gidatu nire bizitzan, eta ez dut uste berriro egiteko gauza izango ote naizen”. Bosgarren titulua eramatearekin batera, bere azken garaipena izan zen.